Hego Euskal Herriko biztanleen %10 baino gehiago pobrezia arriskuan bizi da

INEK aurkeztutako azken datuen arabera, familien %5,6 inguruk zailtasun handiak dituzte hilabete bukaerara heltzeko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Hego Euskal Herriko biztanle asko bizi dira egun pobrezia arriskuan. INEk argitaratutako bizi baldintzen inguruko txostenaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleriaren %10,2 bizi da egoera horretan. Nafarroan, aldiz, ehunekoa zertxobait handiagoa da, %13,8koa. Hala, EAEn hobera egin du tasak, 2022an %12,2koa izan baitzen, Nafarroan, ordea, pobreziak gora egin du ia hiru puntu (%10,9 izan zen 2022an).

Espainiako estatuko tasarik baxuenak ditu Hego Euskal Herriak. Horrekin batera, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden herritarrak %15,5 dira EAEn eta %17,2 Nafarroan. Kontuan hartu beharra dago Espainiako estatuko batez bestekoa %26,5koa dela.

Halaber, EAEko familien %5,6k zailtasun handiak dituzte hilabete bukaerara heltzeko. 2022an, %4,1 ziren. Nafarroan, familien %5,7k ditu zailtasunak, 2022an berriz, %6,6 ziren.

Ustekabeko gastuei aurre egiteko zailtasunak ere areagotu dira Hego Euskal Herrian. Nafarroan, biztanleriaren %26,1 dago egoera horretan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %21,4. Gora egin du ehuneko honek 2023an, aurreko urtetan sei puntu beherago baitzegoen Nafarroan eta puntu pasatxo beherago EAEn.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK