Hego Euskal Herriko zein hiriburuk gastatzen du diru gehien Gabonetako argietan?

Zeresan handia ematen duen gaia da Gabonetako argien gastuarena. Donostia da aurrekonturik handiena duen Hego Euskal Herriko hiriburua. Aitzitik, Bilbok ia ez du aurrekonturik

Gabonetako argiak Donostian | Argazkia: EnpresaBIDEA Gabonetako argiak Donostian | Argazkia: EnpresaBIDEA

Udalerriek Gabonetako argietan egindako gastua herritarren artean harrabotsa pizten duen gai horietako bat da. Argindarra garesti dagoen garaietan, aurrekontua argietara bideratu beharrean, hiriko beste zenbait arazo konpontzeko ez ote diren erabili behar diote askok. Garai zoriontsuak omen dira Gabonak, familia eta lagunekin elkartzekoak, eta urteko egun luzeenetan kale zein eraikinak argiztaturik egoteak ematen dio garaiari nolabaiteko alaitasun bat. Vigoko udalak egindako diru xahutzea aski ezaguna da; 2018an, 2,8 milioi euroko aurrekontua ezarri zuten hurrengo hiru urteetarako. Gerora, aurrekontu horri beste milioi bat euro gehitu zioten. Orain, 9,5 milioi euroko aurrekontua onartu dute datozen lau urteetarako. Euskal Herrian, ordea, ba al dakigu zenbat diru gastatzen duten udalerriek?

Donostia

Hiriburuei dagokienez, Donostia da aurrekontu handiena duena. Azken urteotan Donostiako Udalak gabonetako argietara 410.000 euro bideratu ditu. Iazko gabonetan, zehazki, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosen babesarekin, aurrekontu hori erdira murriztea eskatu zuen. Aitzitik, EAJ, eta PSEk osatutako udal gobernuak ez zuen proposamena onartu. Biztanleko 2,2 euro gastatu ditu udalak gabonetako argietan. Denera, 600 bat osagarri izango dira hiriko kale, plaza eta eraikinetan zintzilik, eta abenduaren 1etik jada piztuta dira.

Azken urteotan Donostiako Udalak gabonetako argietara 410.000 euro bideratu ditu

Iruñea

Iruñeak iaz 210.000 euro erabili zituen hiriko kaleak argiz betetzeko. Biztanleko euro bat pasatxo gutxi gorabehera. Orduan, %30 handitu zuten aurrekontua, 2021ean, 165.000 euro gastatu baitzituzten. 39 egunez piztu zituzten argiak, azaroaren 29tik urtarrilaren 6a arte. Arratsaldeko 17:45etatik 23:00tara.

Aurten, ordea, aurrekontuan nabarmen handitu du Iruñeako Udalak. 325.000 euro inguruko aurrekontua egin dute, iazko aurrekontua %51ean handituz, eta lluminaciones Ximenez enpresa arduratuko da hiria argiztatzeaz. Iazko data beretan egongo dira argiak piztuta, baina aurten biztanleko gastua 1,6 eurokoa da.

325.000 euro inguruko aurrekontua du aurten Iruñeak, iazkoa baino %51 handiagoa

Gasteiz

2021ean, hurrengo lau urteetarako 660.000 euroko aurrekontua ezarri zuen Gasteizek. Hots, urtero 165.000 eurokoa. Donostia eta Iruñekoa baino gutxiago bada ere, azken urteotan gorakada nabarmena izan dute aurrekontuan. Esaterako, 2018an, 80.000 euro inguru bideratu ziren, eta 2019an 123.000 euro. Gasteizko biztanleria kontuan harturik, 0,65 eurokoa da argietan egindako biztanleko gastua.

Bilbo

Deigarria badirudi ere, Bilboko udalak ez du kasik aurrekonturik erabiltzen Gabonetako argietarako. Aurten, 2.200 euro gastatu dituzte hiriko kaleak argitzen. Pasa den azaroaren 29an piztu zituzten eta urtarrilaren 7an itzaliko dituzte. Hala, 40 egunez, arratsaldeko seietatik gaueko hamarrak arte izango dira piztuta led argiak Bizkaiko hiriburuan.

Beste udalerri batzuk

Hogei urte baino gehiagoz Irungo alkate izan den Jose Antonio Santanok azpimarratu zuen hiriak Gabonetako azpiegituren alde egindako apustua. Aurtengo argiak jada abuztuan piztu zituzten herritarrei Gabonetarako zetorrena erakusteko asmoz. Gabon hauetan denera 279 dekorazio osagai jarri dituzte. Aurtengo aurrekontua ez dute jakinarazi, baina 2021ean, esaterako, 127.000 eurokoa izan zen. Hau da, bi euro baino gehiagoko gastua biztanleko.

Ermua da gai honen inguruan zeresana eman duen beste udalerri bat. Orain urte batzuetako Espainiako estatuko rankingetan goiko postuetan azaltzen zen Bizkaiko udalerria. Orduan, Juan Carlos Abascal alkateak 60.000 euroren aurrekontua zutela argitu zuen, hau da, 3,75 euroko gastua biztanleko. Beste udalerriekin alderatuz gero, batez besteko altuena du askogatik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK