Hetelen goi mailako zikloa egin dutenen %80ak lanean dihardu ikasketak amaitu eta sei hilabetera

Goi mailako graduak du enplegu tasarik handiena, Hetelek BBKrekin batera egindako enplegagarritasun txostenaren arabera

Hetelen txostenaren aurkezpena | Argazkia: Europa Press Hetelen txostenaren aurkezpena | Argazkia: Europa Press

Heteleko (Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkartea) goi mailako lanbide heziketako ikasketak egin dituzten pertsonen %80a lanean dabil ikasketak amaitu eta sei hilabetera. Hala jasotzen du Hetelek, BBKren laguntzarekin, 2021/2022 ikasturteko tituludunekin osatu duen enplegagarritasunari buruzko txostenak. Azterketa osatzeko, 28 ikastetxetan, 19 lanbide arlo ezberdinetako titulua atera duten 3.000 pertsona baino gehiagori inkesta egin diete.  

Julen Elgeta Heteleko presidenteak eta Oihane Aldayturriaga BBKko talentu eta ekintzailetza arduradunak aurkeztu dute ikerketa Bilbon, Goi Mailako Zikloko bi ikaslerekin batera. Ikasleek euren esperientzia kontatu dute eta txostenak "urtetik urtera zifra hobeak" ematen dituela azpimarratu dute.

Azterlanaren arabera, hiru etapetako (oinarrizkoa, erdi mailakoa eta goi mailakoa) enplegagarritasunaren ehunekoa %75,4koa da, aurreko ikasturtekoa baino hiru puntu altuagoa, eta 2019/2020 ikasturteko %66,1aren aldean positiboa.

Goi mailako graduak du enplegu tasarik handiena, %80,6koa, aurreko urtean baino bost puntu handiagoa. Gainera, ikasleek bide duala aukeratu badute, enplegagarritasun indizea %82,4ra igotzen da (aurreko urtean baino %2 gehiago), eta emakumeen kasuan, %83,1era.

Azpimarratu dutenez, Hetelen ikasleen %51 goi mailako zikloetan matrikulatuta dagoela kontuan hartuta, %80,6ko laneratze datu hori da Heteleko ikastetxeetan ikasten ari diren gazteen lan errealitatera gehien hurbiltzen dena.

Gainerakoan, oinarrizko zikloen laneratze tasa %53koa da, eta erdi mailako zikloena %75,3koa. Azterlanaren arabera, oinarrizko zikloetako ikasleen %60ak erdi mailako zikloren batean jarraitzen du ikasten, eta hortik aurrera, erdi mailako zikloetako ikasleen %54k goi mailako zikloren batekin osatzen ditu bere ikasketak. Era berean, goi mailako zikloa osatzen dutenen %16k goi mailako beste ziklo bat egiten du, eta %9ak unibertsitaterako jauzia egiten du.

Bestalde, egindako ikasketekin lotura duen enplegagarritasuna %82,7koa dela nabarmendu dute (aurreko urteko % 77aren aldean). Ziklo industrialen edo teknologikoen (STEAM) laneratzea %82,8koa da, eta zerbitzu-zikloena %77,1ekoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK