Hiri ibiltaria, sasoikako langileen aterpe

Etxebizitza eta soldaten arteko arrakalak eskulana lortzeko ezintasuna eragin du Lapurdiko kostaldeko hainbat enpresatan. Egoeraren aurrean, Mugi izeneko hiri ibiltaria prestatzen ari dira, sasoikako langileak bertan gera daitezen

Mugi hiri ibiltariko etxeetako bat | Argazkia: Iñaki Noblia arkitektoa Mugi hiri ibiltariko etxeetako bat | Argazkia: Iñaki Noblia arkitektoa

Urtero 4000 sasoikako langile inguru etortzen dira Ipar Euskal Herrira.  Gehienak orain,  uda partean bertaratzen dira bisitarien etorrerarekin sortzen diren lanpostuen ehizan. Lapurdiko kostaldeko taberna, jatetxe eta dendetan eskulanaren beharra biderkatu egiten da opor garaian, eta txoko askotatik etortzen dira behar horiek betetzeko asmoz: gure kulturak, ingurumenak eta komunikabideetan hauspotu edo josi duten paradisu soinekoak erakarrita, besteak beste.  

Benjamin Cohen 27 urteko Lyondarra da bide hori jorratu duen milaka lagunetako bat. Maiatzean iritsi zen Angelura (Lapurdi)  bere bikotearekin batera The Beach House ostatuan lan egiteko: “Jasanezina da egoera, eskaintzen diguten soldata eta bertan egon eta bizitzeak duen kostua ez daude batere maila berean”, dio etsipenez. Uztaila hasieran Euskal Herria uztea erabaki zuen Arcachon inguruan baldintza egokiagoak lortu zituelako: “Sasoikako langileok denbora laburrean gogor lan egin behar dugu dirua aurreztu eta ondoko hilabeteetan aurrezki horiei esker bizitzeko. Angelun irauteko adina besterik ez genuen eskuratzen eta horregatik bertatik joatea erabaki dugu”, azaldu du.

Soldata eta etxebizitzen prezioaren arteko desorekaren ondorioz, hainbat lantokitan beharginak lortzeko arazoak izan dituzte azken urteetan, baina, bereziki iazko eta aurtengo sasoian areagotu edo, behitzat, azaleratu da soldata eta ostatu hartzearen kostuen artean dagoen arrakala.  

Benjamin Cohen: “Jasanezina da egoera, eskaintzen diguten soldata eta bertan egon eta bizitzeak duen kostua ez daude batere maila berean”

Horri irtenbide bat emate aldera, Baionan kokatua dagoen eta etxebizitzaren gaia lantzen duen SOLIHA elkarte solidarioak egindako proposamena gorpuztu du Iñaki Noblia arkitektoak Kanbon (Lapurdi): Mugi. Tiny house kontzeptua oinarri hartuta eta izenari men eginez, proiektu horren funtsa epe laburreko langile horiek hartuko dituen hiri ibiltari bat sortzea da eta horretan dihardute urte hastapenetik. Gune ibiltaria, momentuz, egurrezko 15 modulu ekologikok osatuko dute. Bost eraikineko hiru taldetan banatuko da herrixka, eta multzo bakoitzean, bost etxoletatik bat eremu konpartitua izango da, lau bizilagunek partekatuko dutena. Bertan sukaldea eta komunak izango dituzte langileek eta gune horiek soilik egongo dira ur korrontera erantsiak, edonola ere, bakoitzak bere etxolan oinarrizko beharrak asebetetzeko sukalde txiki bat eta komun idorrak ere izango dituzte.  

“Gune ibiltaria egurrezko 15 modulu ekologikok osatuko dute. Bost etxoletatik bat eremu konpartitua izango da, eta bertan sukaldea eta komunak izango dituzte langileek”

Mugi hiri ibiltariaren jomuga “beharra duten momentu eta herrietan ezartzea da, inguru berrian txertatzea eta egonaldiak  aztarnarik utzi gabe egitea, alegia, bertatik hiri ibiltaria ateratzean, dena aurretik zegoen bezala uztea”, azaldu du Iñaki Noblia arkitektoak. Asmo horrekin eraiki dituzten lehen bi moduluak Angelura eramango dituzte abuztu hastapenean eta  gainerakoak heldu den urteko udararako prest egon beharko lukete maizterrak hartzen hasteko. Bertan ostatu hartzen duten langileek 200 euro inguruko alokairua ordaindu beharko dute hilabeteko. Erakunde publikoen laguntza jaso du proiektuak, eta, orotara, 500.000 euro ingurukoa aurrekontua izan du. “Ideia bikaina da”, diosku Cohen sasoikako langileak, baina halako langileen “beharrak kontuan hartzea” eta “zentzuzko prezioak ezartzea” espero du, halako leku batean bizitzea “interesgarria eta bideragarria” izan dadin.  

“Bertan ostatu hartzen duten langileek 200 euro inguruko alokairua ordaindu beharko dute hilabeteko”

Ekologikoa

Ingurugiroan ahalik eta arrasto ekologiko txikiena uzteko peskizan, bizitokien funtzionamenduaz gain etxolak eraikitzeko erabilitako egurra ere asmo horrekin aukeratu dute: besteak beste gaztainondoak, akazia, gereziondoa eta pagoa erabili dituzte, Noblia arkitektoaren hitzetan, “mota bakarreko zuhaitzak erabiltzea baino jasangarriagoa delako” . Gainera, inguruko aroztegietan eskuratu dute egurra, garraioan ere ahalik eta aztarna ekologiko txikiena izan dezan.  

Adibide modura balioko duten lehen bi etxolak eraikita, Nobliaren taldeak gidaliburu bat osatu du, inguruko beste enpresa batzuek ere, euren pausoak segi eta gisa bereko hiriak modu erraz batean eraiki ditzaten.

Urtaroaren arabera txoriek kabia aldatzen duten modura, baliteke neguan San Martingo Harrian, edo uzta garaian Ezpeleten aurkitzea, langileen hegaldiari segika, Mugi herri ibiltaria. Behargin horiek ere beren aterpea izan dezaten beharra sortzen den xoko guztietan.  

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK