Hoteletako sarrerak %10,4 hazi dira 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Bisitariek igarotako gaualdi kopuruak ere nabarmen egin du gora (%12), 2022arekin alderatuz gero

Hondarribiko hotel bat | Argazkia: iStock Hondarribiko hotel bat | Argazkia: iStock

Eustaten arabera, 2023an, EAEko hoteletako sarrerak %10,4 egin dute gora, 2022arekin alderatuz gero. Era berean, gaualdiak %12 igo dira. Pasa den urtean, denera 3.687.240 sarrera izan ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hoteletan, eta bisitariek 7.214.545 gaualdi igaro zituzten.

Euskal estatistika erakundeak 2023ko abenduko datuak ere eman ditu. Hoteletako sarrerak %6,6 hazi ziren, 2022ko epe berarekin alderatuta, eta gaualdiak %7.

Lurraldeka, urte osoko hoteletako sarrera guztien %13,7 Araban izan ziren, %45,8 Bizkaian eta %40,6 Gipuzkoan. Gaualdiei dagokienez, Araban %13,8 izan ziren, Bizkaian %44,8 eta Gipuzkoan %41,3.

Hiriburuetan, hoteletako sarrerak %14,8 hazi dira Gasteizen, %11,3 Donostian eta %10,9 Bilbon. Gaualdiek ere nabarmen egin dute gora 2022tik 2023ra. %23,3 Gasteizen, %11,4 Donostian eta %12,9 Bilbon.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK