Iruñeko Udal gobernuak eta PSNk 265 milioi euroko aurrekontua sinatu dute

Akordioa lortu dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. 2007az geroztik udal gobernuaren aurrekonturik handiena izango da

Iruñeko udaletxea | Argazkia: iStock Iruñeko udaletxea | Argazkia: iStock

Iruñeko Udal gobernua osatzen duten alderdiek (EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) eta PSNk akordioa sinatu dute gaur 2024ko aurrekontuak onartzeko. 265 milioi eurokoak izango dira, udal gobernuak 2007az geroztik izan dituen aurrekontu handienak. Gainera, iazkoak baino heren bat handiagoak izango dira, eta 2021ekoak baino %12 handiagoak.

Gaur ofiziala egin badute ere, jada pasa den ostiralean lortu zuten akordioa lau taldeek, eta ondo bidean datorren martxoaren 26an onartuko da aurrekontu proiektua. Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Koldo Martinez (Geroa Bai), Txema Mauleon (Zurekin Nafarroa) eta Marina Curiel (PSN) bozeramaileek sinatu dute akordioa gaur udaletxean.

“Desberdinen artean akordioetara heltzeko gaitasuna behar bezala landu” dela azpimarratu du Asironek, eta Iruñea “paralisi horretatik aterako” dela gehitu du. Argitu duenez, aurrekontuek osoko bilkuraren % 60ren babesa izango dute, baina iragarri du UPN eta PPN alderdiekin harremanetan jarriko direla, euren babesa lortzeko asmoz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK