Italia: arrisku sariaren itzalpeko bozak

Lehen ministro berria aukeratuko dute igandean italiarrek. Diskurtso eurofoboan oinarritutako ultraeskuinak irabazi ditzake hauteskundeak. Europarekiko harremana, baina, zaindu beharko du arrisku sariaren mehatxua kontrolpean izateko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ezegonkortasun politikoaren muina da Italia. Batez beste hamahiru hilabetekoak baino ez dira lehen ministroen agintaldiak eta, hala ere, Euroguneko hirugarren ekonomia eta munduko zortzigarrena izaten jarraitzen du Italiak. Liztortzar batekin alderatzen dute ekonomialariek Italia, pisu handia izanda ere, hegan egiten jarraitzen duelako, grabitateari aurre eginez. Igande honetan italiarrek lehen ministro berria aukeratu beharko dute, II Mundu Gerra osteko 70. agintari izango dena. Ultraeskuinak hauteskundeak erraz irabaziko dituela diote inkestek. Argitzeke dagoena da, baina, noiz arte eutsiko dion gobernu berriak. Arrisku sariaren itzalak gobernu berriaren jarduna baldintzatuko du: Italiako zor publikoak bere BPGren % 150 suposatzen du eta defizita % 4ra iristeko zorian dago.

"Italiaren egitura aztertuta nekez ulertu daiteke Italiak aurrera egiteko duen gaitasuna. Zulo beltz modukoa da eta laguntzen bidez diru mordoa sartuta ere ez diote, Europako beste herrialde batzuek bezala, etekinik ateratzen. Baina, hala ere, aurrera doa, pilotu automatikoaz gidatuta balego bezala" dio Massimo Cermelli La Porta Deusto Business Schooleko irakasleak. Sizilian jaioa da Cermelli eta Euskal Herrian 14 urte baino gehiago darama. Igande gaua telebista aurrean emango du, handik datozen emaitzak ezagutzeko.

Massimo Cermelli: "Draghi bota zutenek bere programa aldarrikatzen dute orain eta teknokraten gobernuaren alde egiten dute"

Italiaren gobernaezintasuna Berlusconiren garaitik datorrela nabarmentzen du Cermellik. Mario Monti, Enrico Letta, Matteo Renzi, Paolo Gentiloni, Giuseppe Conte eta Mario Draghi izan dira 2011tik Italiak izan dituen lehen ministroak. Azken urteotan Sergio Matarella Errepublikako Presidentea funtsezkoa izan da egonkortasuna sendotzeko. Bera izan zen 2021eko otsailean Mario Draghiri batasun nazionaleko gobernua osatzeko deia egin ziona. Izaera kontrajarriko Movimento 5 Stelle, Forza Italia, Lega eta Partito Democratico alderdiak ados jarrita bereganatu zuen Draghik agintea eta teknokraten gobernua osatu zuen.

Deustuko Unibertsitateko irakasleak nabarmentzen du Draghik nazioarte mailako ospea zuela eta, agintaldia zaila izango zela jakinda ere, Matarellaren eskaera onartu zuela. "Egin beharrekoak egin zituen eta ildo estrategikoak biltzen dituen Draghi agenda onartu zuen. Agenda hori da, hain zuzen, gaur egun gobernua eskuratu nahi dutenek aldarrikatzen dutena. Inkoherentzia hutsa da Draghi gobernutik bota ostean bere agenda aldarrikatzea". Hamazazpi hilabetez baino ez zuen jardun Draghik lehen ministro gisa. Italiako arazoen konponbide behar zuenak alderdien babesa galdu eta dimisioa aurkeztu zuen. 2018tik Italian erortzen den hirugarren gobernua izan zen.

Jatorri faszista duen Giorgia Meloniren alderdia buru dabil inkesta guztietan eta gobernua errez lortu lezake Berlusconi eta Salviniren babesarekin

Igandetik aurrera lehen ministro kargua eskuratzen duenak ez du lan erreza izango. Italiaren zailtasun ekonomikoek, Ukrainako gerrak eta Errusiarekiko izan duen menpekotasunak baldintzatuko ditu gobernu berriaren agenda eta Europako Batzordearekiko harreman ona izatea ezinbestekoa izango da. Jatorri faxista duen Giorgia Meloniren Fratelli d´Italia alderdia buru dabil inkesta guztietan. Gobernua errez lortu lezake gainbeheran dabiltzan Lega alderdi ultraeskuindar eta Berlusconiren Forza Italiaren babesarekin. Diskurtso eurofoboa oinarri izan du Melonik kanpainan zehar baina bozketa eguna heldu ahala lausotu du Europaren kontrako jarreraren beldur. 

Eurofoboak Europa seduzitu nahiean

Europako Batzordearen kontrako jarrera izan da Giorgi Meloniren diskurtsoaren muina azken urteotan. Eurogunea desegin eta Italiak Lira berreskuratzea aldarrikatu du Fratelli d´Italiako buruak. Viktor Orban Hungariako presidentearen alde ere agertu izan da askotan. Horrek Europako Batzordea asaldatu eta merkatuak kezkatu ditu. Meloni horren jakitun da eta horregatik mezua leundu du. Ekonomiaren alorrerako Europak begi onez ikusitako taldea osatu omen nahi du Melonik eta Fabio Panetta Italiako Bankuko zuzendari ohia eta egungo Europako Banku Zentraleko Batzorde Eragileko kidea izan liteke hurrengo ekonomia ministroa. Europako aferetan asko du jokoan Italiak. 191.500 milioi euro jaso ditu Italiak, zuzeneko laguntzak eta maileguen bidez, Europako Next Generation funtsetatik. Izan ere, diru gehien jaso duen estatua da. Melonik diru laguntza horiek jasotzeko baldintzak aldatzeko eskatu du. Aldarri hori, baina, lausotu du eta errekuperazio plana berrikusteko akordioa lortu nahi du Europarekin.Italiaren kasuan funtsak jasotzeko epeak ez betetzeagatik Next Generation laguntzak galtzeko arriskua argi ikusten du Cermellik. "Ez da lehengo aldia funtsak galtzen direla proiektuak garaiz ez aurkezteagatik eta litekeena da oraingoan ere antzera ibiltzea"

Merkatuak eta Europa lasaitze aldera EBZko kidean den Fabio Panetta ekonomia ministro izendatu lezake Melonik

Europako funtsen negoziazioa, baina, ez da gobernu berriak aurre egin beharreko lehen erronka. Urriaren 15erako aurrekontu planaren zirriborroa helarazi behar dio Europako Batzordeari eta urtea bukatu aurretik onartu behar ditu. Paolo Gentiloni, Italiako lehen ministroa ohia eta egungo Europako Batzordeko ekonomiarako komisarioa izango da auzi ekonomikoak negoziatu beharreko interlokutorea. Melonik elkarrizketa ildo emankorra lortu nahi du eta horregatik Fabio Panettaren hautua giltzarri izan daiteke. 

Arrisku saria eta gehiegizko zorpetzearen zama

Inoizko zorpetze ratiorik altuena du Italiak, bere BPGren % 150. Pandemia garaian lortutako finantzaketa da nagusiki, tasa baxuen onuraz. Egoera, ordea, erabat aldatu da eta inoizko gorakadarik handiena izan dute tasek azken hilabete hauetan. Interes tasen gorakadak Italiako zorraren jasangarritasuna ezbaian jartzen du eta horrek isla nabaria du zor merkatuetan. Italiako 10 urterako zorrari % 4,13ko errentagarritasuna eskatzen dio merkatuak eta horrek arrisku saria 217,4 puntutara eraman du, Espainiakoa baino 102 puntu gehiago eta Frantziakoaren ea halako lau. Greziako arrisku saritik hurbil dabil Italia, 252,8 puntutan. Massimo Cermellik gogora ekartzen duen moduan, Berlusconik 2011an agintea utzi behar izan zuen arrisku sariaren gorakadak eraginda eta badago berriro ere egoera horretara hurbiltzeko arriskua. Arrisku sariarekin arazoak dituzten estatuei laguntzeko mekanismoa onartu du Europako Banku Zentralak, Transmisioaz Babesteko Tresna. Herrialde horien zorra erostea da helburua, bere prezioa mendean hartzeko. Programak, baina, badu baldintza bat. Zorra jasangarria izatea eskatzen du eta horrek gobernu berriaren jarduna baldintzatuko du.

Berlusconik 2011an agintea utzi behar izan zuen arrisku sariaren gorakadagatik. Oraingoan EBZren babesa du Italiak, baina horretarako zorra maila jasangarrian mantendu beharko du

Zorpetzearen zama izango da, hortaz, gobernu berriaren eginkizunetako bat. Zorra murrizteko sarrerak lortzeko pribatizazio programa abiatu lezake gobernuak. Esku hartutako Banco Monte dei Paschi di Siena bankua eta ITA (Alitalia) hegazkin konpainia dira salgai jartzeko dituen enpresa esanguratsuenak. Draghiren gobernuak ITA saltzeko erosleen bila aritu zen eta AEBko Certares funtsa, Air France konpainia eta AEBko delta hegazkin konpainiarekin bildu egin zen. Italiako ikurra izan da urte askotan  Alitalia (ITA gaur egun) eta Draghiren planak konpainia kanpoko enpresen esku jartzen zuen, italiartasuna galduta. Erabaki hori zaila izan daiteke Meloniren alderdiarentzat. Izan ere duela gutxi arte Fratelli d´Italiako buruak " bertako ekonomiaren piezak ez zituztela gaizki salduko" esan zuen, "Alemaniak eta Frantziak" egin bezala. Premiak behartuta baliteke auzi honetan ere bere aldarrikapenei muzin egitea.

Energiaren afera

Italiak kontsumitzen duen gasaren % 90 kanpotik datorkio eta inportazio guztien % 40 Errusiatik ekarri izan du orain arte. Italiak egun duen ahultasun nagusi gisa ikusten du Cermelli irakasleak, baina aukera ere izan daitekeela uste du. "Espainiak ez bezala, Italiak apenas du gas likidatua lurruntzeko instalaziorik. Badira Aljeriatik datozen gasbideak eta badaude Iran eta Azerbaijandik gasa ekartzeko proiektuak baina oraindik azpiegitura nahikorik ez du. Draghik bazuen gasa lurruntzeko guneak eraikitzeko proposamena baina kontrako jarrera handia izan zuen". Aljeriarekiko harremana sendotu du Italiak, hein handi batean Aljeriarekiko krisi diplomatikoa eta gero Espainiak utzitako "hutsunea" betez. Cermelliren ustez , hala ere, "Italiak aliatu gisa ikusten du Espainia gasaren aferan". Menpekotasun handia du Italiak energiaren alorrean eta funtsezkoa da estrategiak gauzatzea baina " balizko gobernuaren kideen arteko gatazkek zaildu egin lezake aurrerapausorik ematea".

Proposamen ekonomiko gutxi

Hauteskunde kanpainan zehar Meloniren alderdiak ez du proposamen ekonomiko argirik egin eta bozketa eguna heldu ahala "teknokraten" aldeko hautua egin du. Zergen jaitsiera aldarrikatu dute eskuineko alderdiek, baina xehe azaldu barik. Mateo Salviniren Legak proposamen zehatza egin du, "flat tax" zerga sistema. Italiar guztiek zerga tasa bera ordaintzea proposatu du, % 15, diru sarreren maila edozein izanda ere. Berlusconik antzeko sistemaren alde egiten du, tasa % 23ra igota eta Melonik "goranzko zerga bakarra" mahai gainean jarri du, errentaren gehikuntzaren arabera.

Europako Batzordearen gastu-araua etenda dago gaur egun eta araua malgutzeko negoziazioak badira ere, helduko da araua berriro ere indarrean jartzeko eguna eta Italiak defizit maila mugatu beharko du. 2020an pandemiak defizita % 9,6an kokatu zuen, 2021ean % 7,20ra murriztu zen eta 2022rako aurreikuspenak % 5,6koak dira. Ekonomiaren bilakaerak baldintzatuko du zorra eta defizitaren erronka. Egoerarik okerrenean gobernuak neurri gogorrak hartu beharko ditu. Ekonomiaren alorrean agintea teknokratei emanda ere Melonik nekez lortuko luke neurri zorrotzak onartzeko babes nahikorik eta agintaldia bukatu liteke.

Atzera begiratzea baino ez dago Italiak azken urteotan gobernu sendoak lortzeko izan dituen zailtasunez jabetzeko. Igandeko hauteskundeetatik ataratzen den gobernua berriak erronka zailei aurre egingo beharko die baina bere biziraupena ezbaian jarri lezakeena gobernuko bazkideekiko harremana da.  Azken batean gobernu berriaren erronkarik nagusiena biziraupena bera da. Ikisteko dago 13 hilabeteko baztes bestekoa gainditzen duen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK