Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia hil da

1985etik 1999ra bitartean izan zen Jaurlaritzako lehendakaria. Gerora, enpresa munduan murgildu zen, eta Euskalteleko presidentea izan zen 12 urtez

Jose Antonio Ardanza | Argazkia: EAJ Jose Antonio Ardanza | Argazkia: EAJ

Jose Antonio Ardanza (Elorrio, Bizkaia, 1941) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zendu da gaur, 82 urte zituela. Hala jakinarazi du EAJk sare sozialetan. “José Antonio Ardanza Garro gaur zendu da, Kanalan, etxean. Min eta atsekabe handiz hartzen dugu berri hau. EAJ-PNV osatzen dugun gizon eta emakumeok gure doluminak luzatu nahi dizkiegu bere emazteari, Mari Glori Urtiaga, alaba-semeari, Nagore eta Aitor, eta familia osoari. Goian bego Ardanza Lehendakaria, pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea”.

1985etik 1999ra arte izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Ardanza, Carlos Garaikoetxearen lekukoa hartuta. Bere agindupean erronka askori aurre egin behar izan zion Jaurlaritzak, hala nola, krisi ekonomikoa, berrindustrializazioa edota Gernikako estatutuko konpetentziei ezarritako oztopoak. Lehenago, 1979an, Arrasateko alkatea izan zen, eta 1983an Gipuzkoako Ahaldun Nagusi aukeratu zuten.

14 urte lehendakari izan ostean, enpresa munduan murgildu zen, eta, besteak beste, Tubacex enpresako aholkulari lanetan aritu zen eta Euskalteleko lehendakaria izan zen 12 urtez, 2011ra arte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK