Kasik 2.000 eskaera jaso ditu Emantzipa programak lehen 48 orduetan

25 eta 29 urte bitarteko gazteak emantzipatzeko programak 1.777 eskaera jaso ditu oraingoz. 2024an 15.000 eskaera jasoko dituztela aurreikusten du Jaurlaritzak

Miren Saratxaga eta Jonan Fernandez | Argazkia: Irekia Miren Saratxaga eta Jonan Fernandez | Argazkia: Irekia

Pasa den asteartean zabaldu zen 25 eta 29 urte bitarteko gazteek Emantzipa laguntza eskatzeko epea. Gehienez 24 hilabetez, 300 euroko dirulaguntza jaso dezakete, beren emantzipazioan laguntzeko, betiere etxebizitza libre baten alokairu, hipoteka edota mailegu gastuak egiaztatu ostean.

Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenez, epea ireki eta lehen 48 ordutan 1.777 eskaera jaso ditu programak. Hala, eskatzaileen %52 bizkaitarrak dira, %33 gipuzkoarrak eta %15 arabarrak. Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agenda saileko idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Jaurlaritzako Gazteria saileko zuzendariak aurkeztu dituzte gaur lehen datuok. Fernandezek "beren bizi-proiektua autonomiaz hasi edo sendotu nahi duten gazteak" laguntza eskatzera animatu ditu.

Aurkeztutako eskaera guztietatik %68,6 alokairu bidez emantzipatuko dira, eta gainerako %31,4 erositako etxebizitza baten bidez egingo dute. Era berean, eskaeren %63k emakumezkoek egin dituzte eta %37 gizonezkoek.

Lehenengo urtean 15.000 eskaera egingo direla aurreikusi du Jaurlaritzak. Orain arte izandako erantzunak “berretsi egiten du halaber Emantzipa laguntzaren kontzeptuak gazteek emantzipazio-prozesuan duten benetako premiari erantzuten diola", adierazi du Fernandezek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK