Korrika Taiwandik Davosera: globalizazioa aztergai

Autogintzaren industria, erdieroaleak, aireportuak, inbertsio funtsak eta neoliberalismoa hizpide gaurko Talaian

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

54 egun baino ez dira falta Korrikak Euskal Herri osoa lasterka jartzeko. EnpresaBIDEAn beroketa lanetan hasi gara eta gure kilometroa non erosi aztertzen. Hari mutur asko ditu Korrikak: herria, hizkuntza, komunitatea… baina guk ekonomiaren ikuspegitik helduko diogu hurrengo asteotan. Auzolanaren adibide ezin hobea iruditzen zaigu eta badu zer kontatu eta zer aztertu. Korrikak badu bere kultur aldea ere bai: Korrika Kulturala. Aurton Badon opera garaikidea ekitaldi nagusia da. Iruindarrek Gayarre antzokian ikusteko aukera izan zuten atzo. Opera postdramatikoa da Badon, bost koadrotan. Guk aste honetako analisi ekonomikoa ere, bost koadrotan egingo dugu. 

Aktualitate ekonomikoa jorratzeko munduari bira emango diogu. Ez dugu korrika egingo, luze joko lukeelako. Gure kasuan hegazkinez egingo dugu. Izan ere, aste honetan aireportuen bidaiarien datuak ezagutu ditugu. Euskal Herriko aireportuek markak hautsi eta inoiz baino bidaiari gehiago hartu dituzte, 8,1 milioi baino gehiago. Bidaiarien % 75 Loiutik pasa da, 6,3 milioi bidaiari guztira, aurreko urtean baino % 23,5 gehiago. Bigarren aireporturik erabiliena Miarritzekoa da, eta horren ondoren Hondarribia, Foronda eta Noain daude. Susperraldia nabaria izan da, batez ere, Forondan, bertan bidaiarien kopuruak % 32 egin duelako gora. Nabarmentzekoa da bidaiari kopuruaren gorakadak eta operazioenak ez duela berdin egin gora, eta horrek esan nahi du hegazkinak gero eta beteago doazela. Datu hauek turismoaren susperraldiaren seinale argia dira, eta badute isla hainbat adierazle ekonomikoetan.

Euskal Herriko aireportuek markak hautsi eta inoiz baino bidaiari gehiago hartu dituzte, 8,1 milioi baino gehiago

Hala, 2023ko EAE eta Nafarroako inflazioa aztertuta jatetxe eta hotelen eremuan igo dira prezioak gehien, elikagaiak eta gero: % 6,2 EAEn eta % 5,4 Nafarroan. Exceltur estatu mailako turismo konpainia nagusiak biltzen dituen elkarteak ere 2023ko fakturazio datuak historikotzat hartzen ditu. 2024ari begira hazten jarraitzea aurreikusten du, baina erritmo lasaiagoan. Turismoak, baina, badu bere alde iluna. Excelturrek berak turismoaren eredua birplanteatu beharra nabarmendu du sozialki “desegokia” izan daitekeelako. Horren adibide Euskal Herriko zenbait guneetan etxebizitzen prezioekin dagoen arazoa da, etxebizitza turistikoak tarteko. Turismoak % 5,5eko pisua izan zuen 2022an EAEko BPGaren gainean. Gipuzkoan garrantzia are nabarmenagoa izan zen, % 7,1koa. 2023ko daturik ez dugu oraindik, baina are pisu handiagoa izatea espero da. Erronka, hortaz, argia da: eredu jasangarria sortzea, hazkundea ekonomikoa ekarriko duena herritarren bizi baldintzak okertu barik. Esatea erraza, lortzea ez hainbeste.

Taiwan, erdieroaleen merkatuaren jabe

Asteari so egiteko Taiwan dugu lehen jomuga. Hauteskundez jositako urtea dugu 2024. Mundu osoko populazioaren erdiak bozka eman beharko du, eta dagoeneko aztoratua dagoen egoera geopolitikoa are gehiago berotu daiteke. Taiwan izan da bozka eman duen lehen herrialdea eta Txinarekiko harremana jokoan zegoen. Sorpresarik ez da egon eta Txinatik aldentzearen aldekoek irabazi dituzte bozak. Pekinek, aldiz, bategitearen aldekoen garaipena desiratzen zuten. Txinak ez du onartzen Taiwanen independentzia, eta bat egitea aldarrikapen historikoa da Pekingo gobernuarentzat. Taipeik AEBren babesa du, nahiz eta independentziarik ez duen onartu, eta horrek Txinarekiko harremana zaildu egiten du.

Taiwanek, gainera, badu berebiziko garrantzia nazioarteko merkataritzan, batez ere teknologiaren alorrean. Bertan ekoizten da mundu osoko erdieroaleen % 60 baino gehiago, eta mundu mailako liderrak, TSMC konpainiak, bertan du egoitza. Txinak Taiwan inbadituko balu erdieroaleen industriak ekoizpena gelditu beharko luke, mundu osoko balio kateak blokeatuz. Pandemia osteko susperraldian argi gelditu zen Taiwango erdieroaleekiko menpekotasuna, eta mendebaldeko gune ekonomiko nagusiek txipen industria indartzeko plan estrategikoa abiatu dute. Europak, esaterako, Europako txipen legea onartu zuen 2023an erdieroaleen ekoizpena handitzeko helburu jakin batekin: 2030erako mundu osoko ekoizpenaren % 30 Europan izatea. Next Generation Funtsez baliatzen ari da, eta lehia bizia sortu da Europako estatuen artean txipen industria erakartzeko. 

Taiwanek badu berebiziko garrantzia nazioarteko merkataritzan, batez ere teknologiaren alorrean. Bertan ekoizten da mundu osoko erdieroaleen % 60 baino gehiago eta mundu mailako liderrak, TSMC konpainiak, bertan du egoitza

Erdieroaleen industria hizpide izan da Las Vegaseko (Nevada, AEB) CES 2024 azokan. Kontsumorako elektronikaren hitzordu nagusia da azoka, eta bertan gailurik berrienak aurkezten dituzte nazioarteko konpainia nagusiek. Ordenagailuak, telebistak, tabletak eta bideojokoak bezalako gailuak izan dira orain arteko protagonistak, baina azken urte hauetan kontsumoarekin lotutako esparru gehiagotara zabaldu da. Autoak izan dira azokara hurbildu diren azken eragileak teknologia eta adimen artifizialaren azken nobedadeen eskutik. Eraldatze prozesu sakonean murgilduta dago autogintzaren industria, eta adimen artifiziala txertatzea diru iturri berriak lortzeko aukeretako bat da. Litekeena da urte gutxi barru ibilgailua erosteko orduan harpidetza bidezko hainbat zerbitzu kontratatzeko aukera izatea.

Ibilgailu elektrikoaren merkatu-lasterketa

Ibilgailu elektrikoak aldaketa ugari ekarriko dio ekoizpen kateari auto arinagoak lortze aldera. Lanpostuen ikuspegitik ere aldaketak egongo dira. 30.000 osagai inguru du gasolinazko auto batek. Hauetatik 2.000 inguru motorrari dagozkio. Ibilgailu elektrikoen motorrak askoz osagai gutxiago ditu, eta horrek ondorioak ekarriko dizkion herrenka dabilen industriari. ANFAC Espainiako estatuko ibilgailuen ekoizleen elkarteak emandako datuen arabera, iaz 2,5 milioi auto ekoiztu ziren, aurreko urtean baino % 13 gehiago, baina pandemia aurreko datuen azpitik. Gainera, ekoizpenaren % 12 baino ez da elektrikoa. Europarekin alderatuta atzeratuta dago Espainia ibilgailu elektrikoen alorrean, eta hori da etorkizunean gehien hazi daitekeen ildoa. Merkatu horretan, ibilgailu elektrikoen alorrean, Europa atzean gelditu dela ematen du. Txina da nazioarte mailan gailentzen ari den herrialde ekoizlea, bi arrazoi nagusik bultzatuta. Alde batetik, bateria elektrikoen alorrean aurrerapen handiak egin ditu eta, bestaldetik, prezio baxuko ibilgailuak merkaturatu ditu.

Ibilgailu elektrikoen alorrean, Europa atzean gelditu dela ematen du. Txina da nazioarte mailan gailentzen ari den herrialde ekoizlea, bi arrazoi nagusik bultzatuta. Alde batetik, bateria elektrikoen alorrean aurrerapen handiak egin ditu eta, bestaldetik, prezio baxuko ibilgailuak merkaturatu ditu

Europako ibilgailu elektrikoen % 34 Alemanian saltzen dira eta Berlinek auto elektrikoak erosteko laguntzak kendu eta gero eskaria nabarmen jaitsi da. Markak prezioen gerran bete-betean murgildu dira egoerari aurre egiteko. Teslak, esaterako, ModelY autoaren prezioa merkatu du, eta Volkswagen, Mercedes eta Audi etxeek, besteak beste, gobernuak ematen zuen deskontuaren zama hartu behar izan dute. Testuinguru honetan, MG konpainia txinatarrak auto hibrido berri bat kaleratuko duela iragarri du, prezio merkean. Ikusteko dago nola eragingo dion Euskal Herriko autogintzari prezioen gerra honek.

Erregai fosilen merkatuari dagokionez, Gasteizko Mercedes-Benz etxeak marka ona lortu zuen iaz, 2022ko eta pandemia aurreko datuak hobetuz. Iruñeko Volkswagenek, ordea, iaz 2022an baino ibilgailu gutxiago egin zituen. 2019arekin alderatuz, % 14,7 gutxiago ekoitzi zuen iaz. Marka nagusien martxak hornitzaileengan eragin zuzena dauka. Horren adibide dira pneumatikoak ekoizten dituzten Michelin eta Bridgeston konpainien Hego Euskal Herriko lantegiak. Michelinek ekoizpen erritmoa lausotu behar izan du, eta Bridgestonek enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea abian du Basauriko lantegian. Badira, baina, 2023 bikaina burutu duten enpresak. CIE Automative eta Gestampek, esaterako, mozkin historikoak izan zituzten iaz, merkatuen dibertsifikazioan eta Asian eta Hego Amerikan duten errotzeari esker, besteak beste.

Trumpen itzulera eta Milei Davosen

AEBtik aldendu gabe Iowa izan dugu albiste aste honetan, bertan abiatu delako alderdi errepublikarraren hautagaia aukeratzeko lehia. Donald Trump aise gailendu zaie beste hautagaiei, eta ikusteko dago datorren asteko New Hampshireko caucusean ere alde horri eusteko gai den. Globalizazioaren eta multilateralismoaren kontrako diskurtsoari esker, besteak beste, heldu zen 2016an Trump Etxe Zurira. Duela lau urte Bidenek ozta-ozta irabazi bazuen ere, Trumpen politikek desglobalizaziorako bidea ireki zuten. Gaur egun AEBk atzerrira eramandako produkzioa etxera bueltatzeko politikak abian ditu, eta Europak ere antzeko norabidea hartu du. Covid-19aren pandemiak argi utzi zuen ekialdeko ekoizpen guneekiko menpekotasuna, mendebalde boteretsua musukoak, arnasgailuak edo ibuprefonoak produzitu ezinda.

Erdieroaleen kasuan bezala, AEBk eta Europak lantegiak hurbiltzeko prozesuak azkartu dituzte. Desglobalizazio prozesu horri buelta ematea izan zen iazko Davoseko (Suitza) gailurraren helburuetako bat. Urtebete pasa da, eta aste honetan Alpeetako eski estazioak berriro ere bildu ditu nazioarte mailako eragile ekonomiko nagusiak zein herrialdeetako agintariak. Nazioarteko 250 bat dirudunek beren aberastasunari zerga handiagoak ezartzeko eskaera sinatu dute bileraren atarian. Halaber, Blackrock inbertsio funtsa bileran parte hartzen lehenetarikoa izan zen. Aurreko astean AEBko Global Infrastructure Partners (GIP) funtsa erosi zuen, Espainiako estatuan hautsak harrotuz. Naturgy energia enpresaren % 20 erosi zuen GIPk 2016an. Kontua da Blackrockek baduela hainbat partaidetza energia alorreko estatuko hainbat enpresetan. Iberdrolan edo Repsolen, esaterako, % 5etik gorako pisua du. Funts berak estatuko energia enpresetan horrenbeste botere izateak iritzi publikoa astindu du. Horrela, Sumar eta Podemos alderdiek Sanchezen gobernuari eragiketa debekatzeko eskatu diote, eta gobernuak erosketa zorrotz aztertuko zuela esan zuen asteazkenean.

Gaur egun AEBk atzerrira eramandako produkzioa etxera bueltatzeko politikak abian ditu, eta Europak ere antzeko norabidea hartu du. Covid-19aren pandemiak argi utzi zuen ekialdeko ekoizpen guneekiko menpekotasuna

Pedro Sanchez presidentea Davosen izan da aste honetan, eta interes handia piztu du Espainiako enpresa nagusiekin egin behar zuen bilerak. Banka eta energia alorreko enpresa handiei ezarritako zerga bereziek sortutako tentsioak ikusmina eragin zuen, baina Santander, BBVA, Telefonica, Repsol, Ferrovial eta Iberdrola bezalako enpresen buruek parte hartu zuten bileran, eta ez zen ezustekorik egon. Dena den, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak trantsizio energetikoa "birpentsatu" beharra dagoela adierazi du eta EBren estrategia energetikoa gaitzesi du Davosen. Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak adierazpen hauen aurka egin du, "populistak" eta "demagogikoak" direla salatuz. Ibexeko ordezkariekin baino lehenago Intel, Ciscso, Qualcomm eta bestelako teknologikoekin biltzeko aukera izan zuen Sanchezek. Aurreko urtean bezala, erdieroaleen afera hizpide izan zuten, estatuan lantegiak zabaltzeko eskaria luzatuz.

Baina, aurten bi izan dira Davoseko protagonista nabarmenetakoak: Ukrainako Zelensky presidentea eta Argentinako Milei. Argentinarrak duela hilabete inguru eskuratu du agintaritza eta Ukrainarrak aurten deitu beharko lituzke hauteskundeak. Gerra egoerak, baina, zaildu egiten du bozak deitzea. Zelensky diru eske joan da Davosera, Errusiaren kontrako gerrari hauspoa emateko. Mileik, ordea, bere diskurtso neoliberala hedatzeko tresna gisa hartu du Davoseko foroa. Merkatuaren laudorioa egin zuen argentinarrak eta estatuen esku hartzea gogor kritikatu zuen. Mileiren ostean Pedro Sanchezen txanda heldu zen neoliberalismoaren kontra eginez eta sozialdemokrazia aldarrikatuz. Mundu erdia bozkatzera joango den urte honetan, Milei eta Sanchezen diskurtso kontrajarriak hasi berri dugun urte honen talka diskurtsiboaren isla izan liteke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK