Landa eremuan euskara sustatzeko Errotik proiektua abian da

Gorbeialde landa garapeneko elkartea da egitasmoaren arduraduna. Jada Arratia eta Nerbioi eskualdeko 11 eragilek parte hartu dute proiektuan

Errotik proiektuaren aurkezpena gaur Zeanurin | Argazkia: AEK Errotik proiektuaren aurkezpena gaur Zeanurin | Argazkia: AEK

Arratia eta Hego Nerbioi eskualdeko landa garapenean eta turismoan euskara sustatzeko Errotik proiektua abian da. Gorbeialde landa garapeneko elkarteak jarri du martxan egitasmoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin. Hala, doako zerbitzua emango die lehen sektore ekoizleei zein turismo establezimenduei.

Jada 11 ekoizle eta landa eremuan kokatutako enpresek jaso dute euskara sustatzeko zerbitzua, irailetik ari baitira horretan. Arratiako eusGara zerbitzuak 2022an abiatutako ekimenaren azken emaitza da Errotik. Orduan, bi hoteletan egin zen lanketa, eta emaitza positiboa ikusita, zerbitzua zabaltzeko hautua egin zuen Gorbeialde elkarteak.

Gorbeialdek landa eremuko enpresetan euskara sustatzea falta zela sumatu zuen. Arratia Nerbioi eremu euskalduna bada ere, turismoak eta lehen sektoreko ekoizleek ez dute euskararen presentzia bermatzen, elkartearen arabera. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz gain, Ahize – AEKren zerbitzu teknikoa ere jaso du proiektuak.

Egun, hauek dira Errotik proiektuarekin bat egin duten erakundeak: Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zeberioko Taberna zaharra, Ermitabarri apartamentuak, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK