Nafarroak 6.300 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2024an

Aurrekontu osoaren % 51,4 osasunean, hezkuntzan edo eskubide sozialetan inbertituko dela azaldu du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak

Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bilera | Argazkia: Nafarroako Gobernua Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bilera | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak 2024ko aurrekontu orokorren aurreproiektua aurkeztu dio bart eguerdian lurraldeko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari. Aurrekontuen aurreproiektua 6.355.410.182 eurokoa izango da Gobernuaren arabera, eta 5.835.972.554 euroko gastu ez-finantzarioa aurreikusten du. Oro har, 2024rako lortutako kopuruak % 10,5eko igoera dakar 2023an onartutako aurrekontuarekin alderatuz gero.

Gobernuak egindako aurrekontuen izaera soziala nabarmendu du Arastik, "aurrekontu zabalagoen dinamikari eustea ez baita batere erraza". Hein horretan, zazpi urtean 3.700 milioitik 5.800 milioira igaro den gastu ez-finantzarioaren bilakaera azpimarratu du.

Aurrekontu osoaren % 51,4 osasunean, hezkuntzan edo eskubide sozialetan inbertituko dela azaldu du Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. “Gobernuaren ekintza gehienak behar handiena dutenei edo desberdintasun-egoeran daudenei laguntzera bideratzen jarraituko du".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK