Nafarroako liburutegi publikoetako langile gehienak emakumeak dira

Nafarroako Gobernuko kultura sailak lurraldeko liburutegi sareko langileen inguruko ikerketa egin du

Ikerketaren aurkezpena | Argazkia: Nafarroako Gobernua Ikerketaren aurkezpena | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuko kultura sailak ikerketa bat egin du lurraldeko liburutegi sareko langile publikoen inguruan. Zehazki, Vianako Printzea Erakundeak egin du lana, eta liburutegi sarean lanean ari direnen egoera ezagutzea du helburu.

Nafarroako Gobernuak “erreferentziazko zerbitzu publikoa” eskaini nahi du lurralde osoko liburutegi publikoetan, eta hori dela eta, garrantzi handia eman diote ikerketa honi, lan esparruan nahiz arlo profesionalean hobekuntzak egin ahal izateko. Ikerketa gauzatzeko 183 profesionalek hartu dute parte kultura sailak egindako inkestan. Besteak beste, lan giroari buruzko galdetegia eta elkarrizketa pertsonalak egin dizkiete.

Lanaren ondorioetako bat zera da: liburutegietako langile gehienak (%80 pasatxo) nafarrak direla. Gainera, emakumearen presentzia nabarmena da, eta “oso kualifikatuta eta motibatuta” egoteaz gain, interes profesionala dutela azaltzen du txostenak.

Diru sarrerei dagokionez, inkestatutako pertsonen erdiak batez besteko soldata urtean 20.000 eta 25.000 eurokoa dela erantzun dute. Enpresa pribatuetan lan egiten duen pertsonalak aldiz, 15.000 euro inguruko urteko soldata jasotzen duela esan du.

Azkenik, behin behineko kontratua duten langileen ehunekoa “esanguratsua” dela ondorioztatzen du lanak, %30ra ailegatuz gobernuaren menpeko liburutegietan eta %60ra tokiko administrazioan. Esparru pribatuan, ordea, kontratuen %80 dira finkoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK