Nafarroan langabezia tasa %8,8ra jaitsi da lehen hiruhilekoan, EAEn, aldiz, %8,5ra igo da

1.500 langabe gutxiago zenbatu dira Nafarroan, eta 22.100 gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Behargin bat lanean | Argazkia: iStock Behargin bat lanean | Argazkia: iStock

INE Estatistika Institutu Nazionalak ostiral honetan argitaratutako biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, langabezia tasa %8,82ra jaitsi da Nafarroan; EAEn, aldiz, %8,53an kokatu da. Urteko lehen hiruhilekoaren amaieran, 1.500 langabe gutxiago zenbatu dira Nafarroan, eta 22.100 gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Guztira, 985.000 pertsona daude lanean EAEn, aurreko hiruhilekoan baino 39.200 gutxiago (-%3,83), eta 91.900 langabezian. Nafarroan, bestalde, 29.400 langabe daude guztira, eta 303.900 pertsona ari dira lanean, 2023ko azken hiruhilekoan baino 1.100 gehiago.

2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, 800 langabe gehiago daude EAEn, %0,86ko gorakada, eta 10.800 gutxiago (-%26,8) Nafarroan. Okupazioari dagokionez, EAEk 20.300 landun gehiago ditu (%2,11), eta Nafarroak 15.400 gehiago.

Lurraldeka, langabezia tasarik altuena Arabakoa da, %8,8, eta guztira 14.200 langabe daude; ondoren Bizkaikoa, %8,68 eta 50.300 langabe daude bertan. Gipuzkoakoa %8,16an kokatu da eta guztira 27.400 herritar daude lanik gabe.

Espainiako estatuko datuei erreparatuz, oro har, 139.700 landun gutxiago daude urteko lehen hiruhilekoan, guztira 21 milioi pertsona; 117.000 langabetu gehiago daude, denera 2,97 milioi pertsona, eta langabezia-tasa %12,29an kokatu da. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK