Pasaiako portuaren jarduera %5,5 handitu zen iaz

Errusia eta Ukrainaren gerrak eta Itsaso Gorriko blokeoak merkataritza oztopatu badute ere, 3,5 milioi tona garraiatu dira Gipuzkoako portuan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pasa den urtean gehien hazi zen portuetako bat izan zen Pasaiakoa. 3,5 milioi tona igaro ziren bertatik, 2022an baino %5,5 gehiago, orduan 3,3 milioi tonako trafikoa izan baitzen. Pasaiako Portu Agintaritzak azaldu duenez, estatu mailan “desazelerazio orokor batek markatutako urtea” izan da, eta hala ere, jarduera handitzea lortu dute, “erregistro oso positiboak” erdietsiz.

Besteak beste, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak eta Itsaso Gorrian izandako itsas merkataritzaren blokeoak, “ibilbide aldaketak, atzerapenak eta kostuen igoerak” eragin dituzte. Hala, 2023 hasieran ezarritako helburuak betetzetik “gertu” geratu da Pasaiako portua.

Produktu siderugikoak (1,8 milioi tona) garraiatu dira gehien portuan, guztikoaren %52,1 izan direlarik. Era berean, ibilgailuak eta garraio elementuen (500.000 tona eta 287.000 ibilgailu) eta nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura sektoreko salgaien (493.000 tona) trafikoa hazi da gehien urtetik urtera, %14,5 eta %93 hurrenez hurren.

Portura ailegatutako merkantzia gehienak Herbehereetatik (%20,9), Erresuma Batutik (%17,5) eta Suediatik (%14,6) etorri dira. helmuga nagusienak, aldiz, Erresuma Batua (%34,5), Belgika (%21,9) eta Alemania (%6,9) dira.

Hala, 2024ra begira, Pasaiako Portu Agintaritzak zifrok egonkortzea espero du. David Candelario zuzendariaren hitzetan, "errepide eta tren bidezko sarbideak hobetzeko, lonjako obrak amaitzeko eta kontzesionarioek biltegi berriak egiteko aurreikusitako proiektuak funtsezkoak izango dira dartsenarako eta datozen urteetan zenbakiak sendotu eta hobetu ahal izateko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK