‘Rider legea’, eraginkorra ote?

Banaketa-plataforma bat baino gehiagok araua saihesten saiatzen dihardute, flota azpikontratatuz eta autonomo faltsuak mantenduz. Balantze positiboa egin arren, sindikatuek esku gogorra eskatu diote Espainiako Lan Ikuskaritzari

Glovoko banatzaile bat | Argazkia: iStock Glovoko banatzaile bat | Argazkia: iStock

“Plataforma digitalen eremuan banaketan aritzen diren pertsonen lan-eskubideak bermatzea”. Helburu horrekin sortu zen ‘Rider legea’ duela urtebete pasatxo, 2021eko abuztuaren 12an. Hala ere, banaketa-plataforma bat baino gehiago araua saihesten saiatzen dira, langileak azpikontratatuz eta autonomo faltsuak mantenduz. Legearen balantze positiboa egin arren, sindikatuek esku gogorra eskatu diote Espainiako Lan Ikuskaritzari legea betetzen ez dutenen aurka.

Testua onartu zenean, Just Eat zen halako konpainia handien artean Gobernuaren eredua betetzen zuen bakarra. Harrezkero, gehiago ere izan dira eta sindikatuek, oro har, txalotu egin dute ‘Rider legeak’ lortu duena. Hala ere, araua sortu zenetik bere aurka izan diren bi enpresa ere aipatu dituzte: Glovo eta Uber Eats. Biek ere banatzaile autonomoak erabiltzen dituzte araua gorabehera.

Glovok bere hamabi dibisioetako langileen %2 baino ez zituen kontratatu (11.000 langileetatik 2.000 inguru) behin legea indarrean jarrita, eta azaldu zuen “profesional autonomoentzako lankidetza-eredu berri bat” aplikatuko zuela, “beste jarduera batzuk malgutasun, autonomia eta independentzia osoz” egiteko aukera emango ziena. Orduz geroztik, ikerketa bat baino gehiago egin ditu Espainiako Lan Ikuskaritzak Glovok lan egiten duen probintzia guztietan, eta zigor bat baino gehiago jarri dizkio konpainiari. Azkena duela aste gutxi, 79 milioi euroko isuna 10.614 banatzaile autonomo faltsu izateagatik eta ikuskarien lana oztopatzeagatik.

“Halako konpainien jarrerak argi utzi du legedia betetzean dagoela benetako arazoa, eta ez lege jakin baten beharrean”

Uber Eats izan zen, zalantza sortu zuen beste konpainietako bat, bere flotak hirugarrenei azpikontratatzen baitzizkien, eta horrek langileen legez kanpoko lagapena ekar lezake, sindikatuek salatu dutenez. “Iruzur batetik bestera pasa gara” azpimarratu dute sindikatuek. Kexu dira gertatzen ari denarekin: “halako konpainien jarrerak argi utzi du legedia betetzean dagoela benetako arazoa, eta ez lege jakin baten beharrean”. Hala, sindikatuek “erne” egoteko eskatu diote Lan Ikuskaritzari, “enpresa jakin batzuk ihesbideak bilatzen” ari direlako, eta “legea betetzea ez delako negoziagarria”.

Ostalaritzako hitzarmena

Euskal Herrian ere, egoera berbera da. LAB sindikatuak Glovo banatzaile-konpainia Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren aurrean salatu du, langileen aurkako delitu larri eta jarraituagatik. Egoera ikusita, Glovoko langileei ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzea eskatu du.

“Langileak autonomoetan alta ematera derrigortzen dituzte, eta, gero, langileek ez dute inolako autonomiarik, ezta inolako erabaki ahalmenik ere”. Horren ondorioz, “langileek ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide arauturik gabe eta lan osasunerako eskubiderik gabe egiten dute lan”, salatu du Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusiak.

LAB: “Langileak autonomoetan alta ematera derrigortzen dituzte, eta, gero, langileek ez dute inolako autonomiarik, ezta inolako erabaki ahalmenik ere”

Kontratazio bide horiek, gainera, negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe uzten ditu langileak: “Ez dute langile ordezkaririk aukeratzeko eskubiderik, eta ez dute beren eskubideak defendatzeko inolako bitarteko kolektiborik”. Negoziazio kolektiborako duten eskubidea aitortu nahian, LABek gatazka kolektibo bat planteatuko du, Glovoko langileak Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboaren parte izan daitezen. Gatazka kolektiboa Lan Harremanen Kontseiluan aurkeztuko dute, Preco zerbitzuaren bitartez. Akordiorik lortu ezean, Justizia Auzitegi Nagusira joko dute.

Bide luzea egiteko

Sindikatuek argi diote "oraindik autonomo faltsuak diren langile asko geratzen direla” eta onartu dute arauaren aplikazioa ezin dela" gauetik goizera" egin. "Oraindik borroka, laguntza eta salaketa behar dira", arrazoitu dute.

CCOO: “Enpresa asko legeari boikot egiten saiatzen ari dira. Arazoari aurre egiteko lan-ikuskaritzarako baliabide gehiago behar dira”

Arau berriak tranpa berriak ere jarri ditu martxan, "enpresa-formula gaiztoak", riderrei beren eskubideak ez aitortzeko moduak bilatzeko. CCOO sindikatuak salatu duenez, adibidez, autonomo faltsuak behartuta daude jatetxerako eta eskaeraren azken bezerorako fakturak egitera, eta azpijoko horren helburua da "lan-harremana ezabatzea, banatzaileek autonomo gisa agertzen jarrai dezaten". "Enpresa asko legeari boikot egiten saiatzen ari dira", deitoratu du ordezkari sindikalak, eta arazo hori konpontzen laguntzeko lan-ikuskaritzarako baliabide gehiago eskatu ditu. Lan-eskubideen arloko arauek legezko egitura ematen dute langileen ongizaterako, plataformen prekarizazioaren aurrean, baina fiskalizazio-faltak haien erabilgarritasuna mugatzen du. "Baliabide gehiago eman behar zaizkio ikuskaritzari; kasu, epai eta zigor gehiago aurkitu behar ditugu", aldarrikatu du sindikatuak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK