Sindikatuen arabera, jarraipen “handia” izaten ari da EAEko sektore publikoko greba

Greba deitzaileek grebaren jarraipen "oso zabala" nabarmendu dute eta gaurkoa ikusita "hausnartzeko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Piketeak goizean Gasteizen Eusko Jaurlaritzako egoitzaren atarian. | Argazkia: LAB Piketeak goizean Gasteizen Eusko Jaurlaritzako egoitzaren atarian. | Argazkia: LAB

ELA, LAB, CCOO, ESK, eta Steilas sindikatuek (sektoreko ordezkaritzaren %80a dute) arlo publikoan deituta dagoen greba jarraipen “zabala” izaten ari dela nabarmendu dute. Lehen orduan bildutako datuak oinarri hartuta, greba deitzaileen esanetan, jarraipena “oso zabala” da hezkuntzan eta udal eta foru esparruetan. Gainera, garraio publikoan ere jarraipena “zabala” dela azaldu dute. 11:30an hasita manifestazioak egiten ari dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian. 

“Zerbitzu publikoaren alde, adostu soldatak eta enplegua hemen” lelopean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan egiten den hirugarren lanuztea da, eta 150.000 langile daude deituta. Lehenengoa urriaren 25ean egin zen, eta bigarrena abenduaren 19an.

Greba honekin, soldata-igoerak eta enplegua negoziatzea eskatu dute. Horrez gain, enplegu publikoa egonkortzea, behin-behinekotasuna %8ra murriztea, lan-kargak arintzea eta lanaldia asteko 32 ordura murriztea.

Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak grebara deitzeko arrazoiak ez daudela eta sindikatuekin negoziatzeko mahai guztiak “irekita” daudela azaldu du. Era berean, kritikatu du sindikatuek lan baldintza kaxkarrak salatu izana.

ELAko zerbitzu publikoko ordezkari den Igor Izagirrek grebaren jarraipen “oso zabala” azpimarratu du. Horrela, nabarmendu du grebak abendukoak baino eragin “handiagoa” izan duela hainbat sektoretan, eta gaurkoa ikusita hausnartzeko eskatu dio Jaurlaritzari. 

Jarraipena, sektoreka

Jarraipen handiena hezkuntza publikoan izaten ari da, sindikatuen arabera. Hala ere, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan gutxieneko zerbitzuak gehitzeak, milaka hezitzaile greba egiteko eskubiderik gabe utziko dituela salatu dute. Halaber, Osakidetzaren kasuan, gutxieneko zerbitzuek lanuztea guztiz baldintzatu dutela, eta milaka langileei grebarako eskubidea ukatu zaiela tamaldu dute.

Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan erantzuna abenduko deialdikoa baino zabalagoa izango dela ere adierazi dute, baina herrialdeka eta esparruka jarraipena aldakorra izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK