Zergak inflazioaren aurka

Azken hamarkadetako inflaziorik altuenaren ondorioei aurre egiteko zerga politikaz baliatzen ari dira erakunde publikoak. Gaur bertan Espainiako Gobernuak gasaren BEZa murriztea onartuko du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Deseroso agertu zen Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko burua irailaren 8an interes tasen igoeraren berri ematean. Energiaren prezioa menderatzea EBZren esku ez zegoela esan, eta zerga politikak erabili behar zirela gaineratu zuen. Inflazioa gizartearen kezka iturri nagusi bilakatu da, eta interesen igoerak prezioen garestitzeari zama gehigarria ekarri dio. Zama baino, "mina" berba erabili zuen Jerome Powell Erreserba Federaleko buruak tasen gorakadaren ondorioez aritzeko orduan. Min hori leundu nahian, Europako gobernuek zerga alorreko hainbat neurri hartu dituzte. Zenbait kasutan lehenagotik baztertutako neurriak onartu behar izan dituzte. Horren adibide gaur bertan Espainiako Gobernuak onartuko duen gasaren gaineko BEZaren murrizketa, % 21etik % 5erako jaitsierarekin. Orain gutxi arte kontra agertu bada ere, azkenean Sanchezen gobernuak atzera egin eta onartu behar izan du. 

Zergen inguruko mezuen dantza nabaria izan da azken hilabete hauetan. 2022ko apirilean, esaterako, Paolo Gentiloni Europako Batzordeko komisarioa gasa eta argindarraren gaineko BEZa jaistearen kontra azaldu zen. Europako herrialdeetako Finantza eta Ekonomia ministroei igorritako eskutitz batean, BEZa moldatu beharrean zuzeneko laguntzak emateko deia egin zien. Erregaien gaineko zergak merkatzea klima helburuen kontrako neurritzat hartu zituen Gentilonik. Komisarioak, baina, lau hilabete lehenago onartu zuen estatuek BEZa jaisteko eskumena zutela Europako Alderdi Popularrak egindako galderari erantzunez. Baimendu bai, baina gomendatu ez. 

Zeharo irauli da egoera apiriletik hona, eta dagoeneko asko dira energiaren prezioaren BEZ jaistea onartu duten estatuak

Zeharo irauli da egoera apiriletik hona, eta dagoeneko asko dira energiaren prezioaren BEZ jaistea onartu duten estatuak. Espainiak 2021eko ekainean merkatu zuen argindarraren BEZa % 21etik % 10era eta urtebete beranduago, 2022ko ekainean, % 5era jaitsi zuen. Egun Europan BEZ baxuena duen estatua da, Maltarekin batera. Frantziak, esaterako, % 5,5eko tasa ezartzen du tarifaren alde finkoan eta % 20koa aldakorrean.

Gasari dagokionez, Alemaniak duela hilabete onartu zuen BEZa % 7ra murriztea eta Espainiak, gaurtik aurrera, % 5era. Neurriak, baina, alde bateko zein besteko iritziak bildu ditu. Facua Espainiako kontsumitzaileen elkarteak, esaterako, neurria ontzat jo badu ere, jaitsiera "enpresa eta errenta altuei zergak igoz osatzeko" eskatu du. Gasaren alorreko enpresen elkarteentzat, ordea, neurria ez da nahikoa eta Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezia ere jaisteko eskatu dio Gobernuari.

Zergen bilketak gora

Zergak jaitsita ere, Espainia mailako zergen bilketak gora egin du aurten. Espainiako Ogasun Ministerioak emandako datuen arabera, uztaila bitartean estatuaren defizita % 59 murriztu da. Datu historiko horrek zergen bilketan du oinarria. Izan ere, zergek % 23,2 egin dute gora iazko uztaileko datuekin alderatuta. BEZarekin lotutako bilketa izan da defizitaren murrizketan eragin nabarmenena izan duena, % 19,7 handituz, inflazioa tarteko. Massimo Cermelli La Porta Deusto Business Schooleko irakasle titularraren iritziz, datu horiek argi uzten dute badagoela zergen politikan eragiteko aukera, "batez ere kolektibo zaurgarrienak aintzat hartuz". Zerga bilketaren bilakaera onak zergak arintzeko aukerak ematen dituela uste du Deustuko irakasleak, baina baita etorkizunean etor litezken "murrizketen garaietarako aurrezteko" ere. Izan ere, Cermellik nabarmendu du gaur-gaurkoz Europak gastu araua etenda duela, ezohiko egoera dela medio. Europak, baina, bere politiketan ziaboga egin, eta zor publikoa eta defizita kontrolatzeko araua berriro abiatzean etor daitezkeen arazoak azpimarratu nahi izan ditu irakasleak, eta horregatik egoki ikusten du diru bilketaren zati bat gordetzea.

Prezioen garestitzearen ondorioei aurre egiteko neurri andana hartu dute erakunde publikoek. Hego Euskal Herriari dagokionez, argindarrarekin lotutako zergak merkatu zituen Espainiako Gobernuak abenduaren 31 bitartean. Argindarraren gaineko Zerga Berezia % 5,1etik % 0,5ra merkatu zuen eta Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga eten egin zuen. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez %5era jaitsi zuen. Gasari dagokionez, gaurtik aurrera BEZa % 5era jaitsiko da, baina Hidrokarburoen Zerga Bereziak ez ditu aldatuko, gaur gaurkoz. 

Inflazioak eraginda, BEZaren bilketa % 19,7 handitu da uztaila bitartean

Erregaien kasuan, zergak murriztu beharrean, Espainiako Gobernuak litroko 0,20 euroko dirulaguntzak eman zituen. Erabakiak kritikak jaso zituen ekitatearen ikuspegitik egokia ez zelako. Sabin Zubiri Rey ekonomialari eta tributuetan adituaren ustez "errenta altukoei egiten die mesede batez ere neurri horrek". Errenta altuko herritarrak dira, Zubiriren ustez, autoa gehien erabiltzen dutenak, gastuarekiko sentiberatasun txikiagoa dutelako. Diru-sarrera baxuagoak dituztenak berehala uzten diote autoa erabiltzeari, eta dirudunei, ordea, ez die hainbeste eragiten". 

Kopagoak hartzen ditu Zubirik eredutzat. Espainiako Gobernuak garraio publikoaren kopagoa murriztu egin zuen. Erabiltzaileek ordaintzen dituzten tarifak ez dira nahikoak trenbide, autobus eta gainontzeko garraio publikoen kostuei aurre egiteko, eta defizita aurreko orokorrek hartzen dute bere gain. Horregatik, kopagoa deritzo horri, erabiltzaileek gastuaren zati bat baino ez dutelako ordaintzen. Kopagoa merkatu du legez Espainiako Gobernuak. Renfeko aldirietan, esaterako, doakotasuna ezarri du, eta gainerako garraio publikoan % 30ko merkatzea, beste administrazioei deskontu hori % 50era osatzeko aukera emanez. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintariek garraio publikoaren merkatzea osatu dute % 50eko deskontura helduz. Nafarroan, ordea, deskontua % 30ekoa baino ez da. 

Sabin Zubiri: "Garraioan bezala, kopagoa beste arlo batzuetara zabaldu behar da, erresidentzietara, esaterako"

Zubirik kopagoaren eredua beste zerbitzu batzuetara zabaltzea proposatzen du, erresidentzietara edo menpekotasun alorreko bestelako zerbitzu batzuetara, betiere hartzaileen profila aintzat hartuz, zaurgarrienak babesteko. Ideia horrekin bat dator Cermelli irakaslea. Zerga alorrean aldaketa egiteko aukera zabala ikusten du, eta arazoa batez ere eraginkortasunean dagoela ikusten du. Pandemia garaian Espainiako Gobernuak onartutako Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedienteak hartzen ditu Cermellik adibide gisa, "laguntza tresna egokia eta oso ondo lokalizatua izan zelako, premia zegoen egoeretan".  Deustuko irakasleak argi dauka arau fiskalek ezin dutela hainbat kolektibo zigortu, horrek ekonomia sistema ezbaian jarri dezakeelako. Portugaleko Ekonomia Ministroaren hitzak ekarri ditu Cermellik: "Ezin dira enpresak asko zigortu, ekonomia jarduera arriskuan jarri daitekeelako".

Zergen deflatazioa izan da gobernuek hartutako beste neurrietako bat. Kasu horretan ere badira aldeak Nafarroa eta EAEren artean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek urte hasieran onartutako %1,5eko PFEZaren deflatazioari %4ko osagarria gehitu zioten abuztuan. Hala, irailaren 1etik aurrera %5,5eko deflatazioa ezartzen zaie langileei 2022ko PFEZan. Langileen soldatetan egindako atxikipen tauletan ere eskalak deflatatu dituzte, eta hainbat langilek irailetik aurrera nominaren ordainketan diru gehiago kobratuko dute, soldaten arabera. 2023an Foru Ogasunekin PFEZa likidatzeko orduan, langile guztiek sumatuko dute zergen deflatazioaren onura.

Massimo Cermelli: "Diru bilketa handitzeak zerga politika gehiago egiteko aukera ematen du, baina baita etorkizunerako aurrezteko ere"

Nafarroako Gobernuak 2022ko aurrekontuetan PFEZa % 2 deflatatzea onartu zuen. Irailaren 8an Nafarroako Parlamentuak PFEZa are gehiago deflatatzea eztabaidatu zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian egin bezala, baina Navarra Suma eta Izquierda-Ezkerra alderdiek baino ez zuten neurria babestu. Nafarroako Gobernuak, baina, inflazioa pairatzen duten errenta baxuenei laguntzeko bestelako neurri bat iragarri zuen, 32.000 eurotik azpiko sarrerak dituztenei kenkari berezi baten bitartez.

Halako neurriak egoki ikusten ditu Sabin Zubirik "behin behinekoak badira". Ekonomialariaren ustez, "koiunturalak izan behar dute, urgentziazko neurri gisa", bestela "diru sarreren arazoa" egon daitekeelako. Espainiak Europakoa baino presio fiskal baxuagoa duela adierazi du.

Fiskalitate berdea, erronka berria

Zergen aferari erronka berria jarrio dio Europako Batzordeak. Irailaren 8an kaleratutako txosten batek ingurumenarekin lotutako erronkak estatu bakoitzeko politiketan txertatzeko hainbat gomendio biltzen ditu. Zergen alorrari dagokionez, espainiar estatuari "fiskalitatea lanetik jarduera kutsakorretara mugitzeko" gomendatzen dio. Zergak igotzeko proposamena ere egin zion Europak. 2015ean ingurumen alorreko zergek BPGren % 1,93 baziren, 2020an % 1,75 baino ez. Europan, aldiz, batez bestekoa % 2,24koa da. Espainiako Gobernuak berriki onartutako zerga berriak ontzat eman ditu Europak, hala nola erabilera bakarreko plastikoen gainekoa eta hondakinen sorreraren gainekoa. Badago, hortaz, fiskalitate eredu berriak ezartzeko joera. Ukrainako gatazkak energia jarioa bermatzeko beharra lehenetsi du klima helburuen gainetik, baina irizpide jasangarriek gero eta garrantzi gehiago hartuko dute zergen politikak garatzeko orduan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK