8,5 milioi euro bideratuko ditu aurten EEEk, autokontsumoa indartzeko asmoz

Etxeko sistema termiko berriztagarrientzat ere dirulaguntzak izango dira, 2,5 milioi eurokoak

Balkoietan eguzki-energiarako planta duten etxeak, etxerako energia elektriko berdea sortzeko | Argazkia: iStock Balkoietan eguzki-energiarako planta duten etxeak, etxerako energia elektriko berdea sortzeko | Argazkia: iStock

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) deialdi berri bat jarriko du martxan, datorren astelehenetik aurrera, EAEn autokontsumo instalazioak bultzatzeko. Denera, hamaika milioi euro bideratuko dira. Eguzki- autokontsumoak eta autokontsumo eolikoak 8.500.000 euroko aurrekontua izango dute 0 km-ko elektrizitatea produzitzeko instalazio berriak abian jartzeko, eta energia berriztagarri termikoek, aldiz, 2.500.000 eurokoa. EEEk kaleratu duen oharraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko zeregin nagusietako bat "energia-kontsumoaren efizientzia" handitzea da eta energia berriztagarriak helburu hori lortzeko "funtsezko zutabea" direla nabarmendu du. Bide batez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.352 autokontsumo instalazio daudela gogorarazi du energia erakundeak. 

Autokontsumorako instalazioetara bideratutako dirulaguntzak, bereziki pertsona fisiko, bizitegi-jabeen komunitateak, energia berriztagarrien komunitateak eta bizitegi kontsumitzaileentzat bideratuta egongo dira eta gehienez ere 25 kW-eko instalazioetarako izango dira.

2024ko urriaren 31ra egongo da indarrean deialdia, edo aurretik aurrekontua agortzen den arte. 2024ko urtarrilaren 1az geroztik egindako eskaerak hartuko dira kontutan.

Bero berriztagarrirako laguntzak

Bestalde, berokuntzarako zein txorrotako ura modu berriztagarrian berotzeko ere 2,5 milioi euroko dirulaguntza jarri dute abian, eta 2024ko apirilaren 15etik urriaren 31ra arte eskatu ahal izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK