Arabako Foru Aldundiak pelleten erosketa bateratua sustatu nahi du lurraldean

Urtean 300 tona pellet inguru kontsumitzen ditu lurraldeak, eta prezio hobeak lortzeko bidean, erregai hori batera erostea komeni dela azaldu du aldundiak

Foru Aldundiak 300 tona pellet erosiko ditu hainbat foru erakundetako galdarak hornitzeko | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Foru Aldundiak 300 tona pellet erosiko ditu hainbat foru erakundetako galdarak hornitzeko | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Kontratazioen Zentralak, lurraldeko beste erakunde batzuekin batera, pelletak batera erostea sustatu nahi du, azken urteotan foru aldundiaren eta lurraldeko erakundeen eraikinetan instalatutako baso biomasaren galdarak elikatzeko. Gasolio galdara zaharren ordez jartzen ari dira galdara horiek. Aldunditik "energia berriztagarrien erabileran aurrera egiteko" eta "berotegi efektuko gasen emisioa murrizteko" egiten dutela argitu dute.

Hala, Foru Kontratazioen Zentrala osatzen duten Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak urtean 300 tona inguru pelletez hornitzeko lizitaziorako agiriak prestatzeko lanean ari dira.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzalezek azaldu duenez, Arabako Foru Aldundia eta lurraldeko erakundeak "baso biomasako galdarak pixkanaka instalatzearen ondorioz, urtean 300 tona pellet inguru kontsumitzen ditugu, eta, beraz, komeni da erregai hori batera erostea, prezio hobeak lortzeko. Horrekin, gainera, ikusgarritasuna eman nahi diegu energia berriztagarrien iturriei, Arabako beste erakunde batzuek bideari jarraitu ahal izan diezaioten".

Kontsumo garrantzitsuena Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu parketik etorriko da, non pellet galdara berri bat instalatzen ari baitira, espazio horretan kokatutako zerbitzu eta instalazioetako berokuntza eta ur bero sanitarioko sistemari energia emateko. Proiektu honek 530.000 euroko inbertsioa du.

2017tik martxan

Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak 2017an jarri zuen abian Foru Kontratazioen Zentrala, hornigai eta zerbitzu prezio hobeak lortzeko, baliabide publikoak efizientzia handiagoz kudeatzeko eta administrazio prozesuak sinplifikatzeko. Zentralak elektrizitatearen eta gas naturalaren kontratuak lizitatzearekin hasi zuen bere ibilbidea, eta ordutik gora egin du kontratazio eta eskaintza bolumenak. 

Ondoren, gasolioa eta bulego materiala batera erostera zabaldu zuen bere jarduera, eta orain pelletez hornitzera iritsi da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK