Argindarraren BEZa %21era itzuliko da martxoan

Otsailean asko merkatu da argindarra, eta Espainiako Gobernuak zerga %21era itzultzeko klasula jarriko du indarrean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Espainiako Gobernuak indarrean jarriko du argindarraren zerga %21era itzultzeko klausula. Orain arte %10ean mantendu du, baina hilabete batean argindarraren megawatt-orduak (MWh) merkatuan 45 eurotik beherako prezioa badu, hurrengo hilean tasa arrunta ordaintzeko klausula aktibatu du gobernuak. Hala, martxoan %21era itzuliko da zerga, azken hilabetean batezbesteko 41 euro izan baita megawatt-ordua, azken hiru urteetan izan duen prezio baxuena.

Handizkako merkatuan elektrizitatearen prezioa asko jaitsi da otsailean, eguraldi onari esker batik bat. Eguzkia eta haizea egin du eta energia berriztagarriek ekarpen handia egin dute. Ordu askotan, argindarraren kostua zero izan da, eta eguneko batez besteko prezioak ez dira hamar eurotik gorakoak izan.

Bezero askoren urteko batez besteko fakturan %15ko prezio gorakada ekarriko du neurri honek. Emandako datuen arabera, faktura 467 eurotik 539 eurora igo daiteke. Are gehiago, urtebetera azken kontsumitzailearen faktura elektrikoa % 25 garestitu daiteke, hots, 117 euro gehiago urtean.

Argindarraren tarifa arautua dutenek ez dute aldaketa handirik sumatuko, beren fakturaren zatirik handiena handizkako merkatuko prezioa delarik. Aitzitik, merkatu librean dauden kontsumitzaileek igoera nabarituko dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK