Baterien bizitza %30 luzatzeko teknologia garatuko du Ikerlanek

BeAble Capital enpresarekin batera, Battbelt izeneko proiektua sortu du

Javier Zurbitu izango da Battbelteko teknologia zuzendaria Javier Zurbitu izango da Battbelteko teknologia zuzendaria

Ikerlan zentro teknologikoak Battbelt izeneko “spin-off” berria sortu du BeAble Capital enpresaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua litiozko baterien kudeaketarako sistema berriak garatzea izango da, haien bizitza erabilgarria %30 luzatu ahal izateko. Hala, Ikerlanen material adimendunen patente batean oinarrituko da Battbeltek garatuko duen sistema.

Energia elektrikoa biltegiratzeko bateriak hedatu eta uzkurtu egiten dira, eta zahartzen direnean, handitu. Energia sektorean erabiltzen diren bateriak elkar pilatuta osatzen dira, eta konpresio maila zehatz bat behar dute ondo funtzionatzeko. Hala, hedatze eta uzkurdura jarraituak baterien bizitza erabilgarriari kalte egiten diote, eta hori ekiditea da Battbelten sistemak ahalbidetuko duena. Ikerlanek Arrasaten duen instalazioetan kokatuko da Battbelt, eta Javier Zurbitu teknologia zuzendariak gidatuko du proiektuak. Produktu berriaren bideragarritasuna balioztatzea izango du helburu.

“Teknologia berritzaile bat garatu nahi da, baterietarako neurrirako eta egokitzapenerako egindako jantzi bat egiteko aukera ematen duena”, azaldu du Zurbituk. Almudena Garia BeAble Capitaleko presidente eta sortzaileak bestalde, zera esan du: “enpresa honek etorkizun handia du aurretik, eta mugikortasunean eta berriztagarrietan dituen aplikazioak oso erabilgarriak izango dira sektore horietarako”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK