Estatu Batuetako itsas parke eoliko handiena jarri du martxan Iberdrolak

Massachussetts estatuko 400.000 etxebizitza baino gehiagorako argindarra sortuko du. 3.000 milioi dolarreko inbertsioa egin du energia konpainiak

Argazkia: Iberdrola Argazkia: Iberdrola

Vineyard Wind I izeneko parke eolikoa martxan jarri berri du Iberdrolak. Estatu Batuetako itsas parke eoliko handiena izango da, 806 MW-ko gaitasunarekin, eta jada hasi da Massachussetts energia berdez hornitzen. Hala, 400.000 etxebizitza baino gehiagotarako argindarra sortuko du.

2024 hasiera honetan, parkeko bost turbina etengabean martxan izango dituztela jakinarazi du Iberdrolak. 3.000 milioi dolarreko inbertsioa egin dute (2.700 milioi euro baino gehiago). 2021ean hasi ziren parkea eraikitzen, eta aurten jada erabateko funtzionamenduan arituko dela iragarri dute. Energia konpainiaren arabera, 1,6 milioi tona CO2 isuri murriztuko ditu urtean.

Turbinak Avilésen (Espainia) fabrikatu ditu Windar Renovables enpresak, eta horietako bakoitzak 6.000 etxebizitzei eman diezaieke energia. 13 MW-ko gaitasunarekin, “mendebaldeko turbina handienak” direla adierazi du Iberdrolak.

“Itsasoko energia garbiaz hornitzen ari gara Massachussettseko sarea”, azaldu du Pedro Azagrak, Avangrid Iberdrolaren filial estatubatuarraren kontseilari delegatuak. “Estatu Batuetan itsas energia industriaren gorakada ikusten ari gara, eta une erabakiorra da hau ekintza klimatikoa aurrera eramateko”, gehitu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK