Inoizko inbertsio handiena eginda, ia 5.000 milioi euroko irabaziak eskuratu ditu Iberdrolak

11.382 milioi euroko inbertsioa egin zuen iaz, 2022an baino %6 gehiago. Aurten, irabaziak %5 eta %7 artean handitzea aurreikusten du energia konpainiak

Ignacio Galan Iberdrolako presidentea Ignacio Galan Iberdrolako presidentea

2023an 4.803 milioi euroren irabaziak eskuratu ditu Iberdrolak. Gaur aurkeztu dizkio energia konpainiak pasa den urteko emaitzak CNMV Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari. Iberdrolak inoizko inbertsio handiena egin du 2023an, 11.382 milioi eurora ailegatuta, aurreko urtean baino %6 gehiago, eta Espainiako estatuan soilik egindako inbertsioa 2.300 milioi eurokoa izan da.

Energia konpainiaren EBITDA 14.417 milioi eurokoa izan da, 2022koa baino %9 handiagoa. Hala, konpainiak 150.000 milioi euroko aktiboak izan ditu eta 70.000 milioi euroko kapitalizazioa du. Ignacio Galan presidentearen hitzetan, "ziurgabetasun makroekonomikoko urtean, beste behin ere helburuak betetzeko ibilbide historikoari eutsi diogu, negozio-eredu integratu bati eta merkatu egonkorretako inbertsioetan eta hazkundean oinarritutako gure estrategiari esker”.

Era berean, 2024an trantsizio energetikoan “modu esanguratsuan” inbertitzen jarraituko dutela adierazi du Galanek. “Sareetan inbertitzeko esparru berriek eta eraikitzen ari diren itsasoko proiektu eolikoek urtean zehar hazkunde sendoa eta errentagarria lortzen lagunduko digute".

Konpainiak egun 42.187 MW ditu instalatuta mundu osoan. Azken urtean 3.250 MW gehitu ditu, 5.000 milioi euroko inbertsioa eginez, horietatik %60 itsas energia eolikoa eta hidroelektrikoa direlarik. Besteak beste, Frantzian, Saint Brieuc herrian, itsas parke eoliko berri baten instalakuntza edota Estatu Batuetan Vineyard Wind 806 MW-ko parkearen proiektua nabarmentzen dira.

2024ari begira, 12.000 milioi euroko inbertsioa egingo duela aurreikusi du Iberdrolak, eta lurreko energia berriztagarriak sortzeko gaitasuna 2.000 MW-ra handituko du. Sareak handitzen jarraituko dutela ere azaldu du, eta irabaziak %5 eta %7 artean handituko dituztela kalkulatu du konpainiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK