Petrolioa esploratzeko filialaren % 25 saltzea aztertzen ari da Repsol

Merkatuko agintariei hainbat proposamen aztertzen ari dela onartu die konpainiak. Salmentak gas eta petrolioaren esplorazio eta produkzioaren alorrari eragingo lioke

Argazkia: Repsol Argazkia: Repsol

Estatu Batuetako EIG Global Energy Partners inbertsio funtsak Respsolen gasa eta petrolioa esploratu eta ekoizteko negozioaren % 25 erosi lezake. Hala komunikatu zion atzo Repsolek Espainiako balore eta merkatuen batzordeari. Petrolioaren industriak hiru arlo nagusi ditu: upsetream, mindstream eta downstream. Lehengoa da Repsolek saldu lezakeena, esplorazioa eta ekoizpena burutzen duena. Salmentak, hortaz, ez lioke, printzipioz, Petronorrek Muskizen duen lantegiari eragingo.

Repsolek estrategikotzat jotzen du esplorazioa eta ekoizpenaren jarduera. Agintariei egindako komunikazioan "epe luzerako mantentzea eta sendotzearen" alde egiten duela esan zuen Repsolek baina gaineratu zuen "negozio-portfolioaren kudeaketa dinamiko eta iraunkorraren testuinguruan, negozio horrekin lotutako hainbat aukera eta proposamen" aztertzen ari dela, oraindik erabakirik hartu ez badu ere.

Merkatu horretako analisten kalkuluen arabera esplorazio-negozioaren balorazioa 14.000 eta 18.000 milioi euro artekoa izan liteke. Diru horrek hauspoa emango lioke Josu Jon Imazek zuzentzen duen konpainiari energia berriztagarrien alorrean indarra hartzeko. Izan ere Repsolen helburua 2025erako karbono-emisio baxuko energia sortzeko gaitasuna 7,5 GW-raino bikoiztea da. 

Hainbat iturriren arabera bankuen presioa ere izango luke Repsolek. Europako agintariek garapen jasangarrien helburuekin bat datozen inbertsioak lehenesteko beharra ezartzen die bankuei. Salmentak Repsolen negozio ildo horrekiko esposizioa murriztea ekarriko luke. Ez da, halere, Repsolek negozio ildo horretan dituen inbertsioen lehen salmenta. Upstream alorreko enpresa batean Repsolek zituen akzioen zati bat Errusiako Gazprom konpainiari saldu zion iaz.

Burtsa merkatuek ondo hartu zuten albistea eta Repsolen akzioek % 3,47 egin zuten gora atzo.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK