20 milioi euroko inbertsioa eginda, lantegi berria ireki du Danobatek

2024rako 200 milioi euroko fakturazioa handitzea espero du Elgoibarko enpresak

Gaurko inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Danobatgroup Gaurko inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Danobatgroup

Danobat makina-erremintaren enpresa fabrikatzaileak 12.000 metro koadroko industria-planta berria inauguratu du gaur goizean, Elgoibarren (Gipuzkoa) duen egoitzan. Lantegi berriaren inaugurazioa kooperatibaren 70. urteurrenarekin bat dator, eta inbertsio-plan baten lehen fasea da. Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du eta denera 20 milioi euroko inbertsioa egin da.

Lantegi berriak Danobaten aeronautika- eta haize-sektoreetako enpresen eskari zorro gero eta handiagoari eta garapen estrategikoari erantzuten diola argitu dute ohar batean. Halaber, Danobatez gain, Soraluce eta Goimek kooperatibak ere 20 eta 10 milioi euro baino gehiago inbertitzen ari dira, hurrenez hurren, sektorearen erronkei erantzuteko.

Xabier Alzaga Danobateko arduradun nagusiaren hitzetan, 2024rako 200 milioi euroko fakturazioa handitzea espero du Elgoibarko enpresak. “Danobat marka hedatzen jarraitu nahi dugu, gure eskaintza teknologikoa dibertsifikatuz eta jatorri historikotik nabarmendu gaituen ingurunearekiko konpromisoa indartuz”, adierazi du.

Zehazki, kooperatibak inauguratutako pabiloiak ezaugarri bereziak ditu klimatizazioari eta lurzoruaren kalitateari dagokienez, doitasun handiko muntaia- eta abiarazte-jarduerak garatu ahal izateko. Era berean, plaka fotovoltaikoak instalatu dira, kontsumitutako energia guztiaren herena bide horretatik sortzeko, kooperatibaren jasangarritasunean aurrera eginez eta haren karbono-aztarna murriztuz.

Gaurko inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidentea eta Pello Rodriguez Danobatgroup-eko zuzendaria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK