2023ra arte, Leartibai Fundazioak 64 proiektu eta 32 enpresa babestu ditu

Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoaren bilera egin zen pasa den otsailaren 27an, Markina - Xemeingo Berrikuntza gunean

Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren baitan azken bileran bildutakoak | Argazkia: Koxka mx Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren baitan azken bileran bildutakoak | Argazkia: Koxka mx

Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren baitan, Leartibai Fundazioaren lana aitortu zuten otsailaren 27an Markina-Xemeingo Berrikuntza gunean egin zen azken bileran. 2023ra arte, Fundazioak eskualdeko 64 proiektu eta 32 enpresa babestu ditu. Lea-Artibai (Bizkaia) eskualdean "erreferentziazko eragile bakarra" izanik, industriari lotutako zerbitzu-enpresetara heltzeko duen "kapilaritatea" goraipatu zuten.

Berrikuntza gunean izan ziren Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren diputatua, Cristina Mugica, lurralde lehiakortasunerako eta kanpo sustapenerako zuzendari nagusia eta Beatriz Fernandez, Ekonomia Sustatzeko Departamentuko Eskualde Garapeneko Zerbitzuko teknikaria. Eskualdeko hainbat eragile eta Lea-Artibaiko udaletako ordezkariak ere izan ziren.

Honela, Foru Aldundiko ordezkariek eskualdean fundazioaren erreferentzialtasuna azpimarratu zuten, haien esanetan, eskualdeko garapen ekonomiko eraginkorragoa eta kohesionatuagoa bultzatzen baitu.

Bizkaia orekatu bat bilatzea, helburu

Bizkaia Orekan Sakonduz Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZ Bizkaiko Foru Aldundiko sozietate publikoak bultzatutako estrategia da. 2016an sortua, bere helburu nagusia "Bizkaia orekatu bat" bilatzea da, lurraldeko industria- eta zerbitzu-enpresa aurreratuen lehiakortasuna indartuz, toki-garapeneko eragileen bitartez. Gaur egun, tokiko eta eskualdeko 23 garapen-agentziak osatzen dute, besteak beste, Leartibai fundazioak.

Sare horretako partaide izateak, industriari lotutako zerbitzu-enpresen eskura 7 programa jartzeko aukera ematen dio fundazioari urtero, haien berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko egun lehentasunak diren erronken inguruan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK