400 lanpostuko murrizketa egingo du Nafarroako Volkswagenek

2024ko bigarren hiruhilekotik aurrera, bi urtez kenduko ditu lanpostuak, auto elektrikorako trantsizioa gauzatzeko asmoz

Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen

Nafarroako Volkswagenen zuzendaritza langile batzordearekin elkartu da gaur, lan hitzarmena negoziatzeko lehen bileran, eta enpresako lantaldeak 2024ko bigarren hiruhilekotik aurrera, laurehun langile gutxiago izango dituela jakinarazi die. Kasik bi urtez murriztuko du lantaldea Nafarroako Volkswagenek, bi txanda eta erdian lan egingo baitute 2026ra arte.

Konpainiak aurreikusitako ekoizpen bolumena asetzeko murriztuko du lantaldea. Hala adierazi du Miguel Angel Grijalba Blanco ekoizpen zuzendariak. Halaber, zuzendaritzak 2024 eta 2026 bitarteko auto elektrikorako trantsizioa barne hartuko duen lan hitzarmena egitea proposatu du.

Egungo ekoizpen aurreikuspenak behin-behinekoak direla kontuan hartuta, merkatuko produktuen arabera aldatzen direla azaldu du David Garcia Castaño Ingeniaritza Plangintzako zuzendariak, eta 2024rako 255.000 auto ekoiztea espero dutela ere nabarmendu du.

Dena den, hurrengo urteetako ekoizpena murritzagoa izatea aurreikusten du taldeak. 2025erako errekuntzako 215.000 auto ekoiztea aurreikusten dute, eta 2026rako 200.000 auto, errakuntzakoak eta Skoda nahiz Volkswagen IS2X markako bi modelo elektrikoak.

2027 eta 2028rako, aldiz, ekoizpen bolumena 350.000 ibilgailukoa aurreikusten dute, eta honela, egungo langile kopurua berreskuratzea eta gainditzea da konpainiaren helburua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK