96 enpresa batuko ditu 2024ko Empleo Gune topaketak

Gasteizko Europa jauregian egingo den ekimenean 712 enplegu-aukera baino gehiago eskainiko dituzte

Arabako Foru Aldundiko eta EHUko ordezkariak gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundiko eta EHUko ordezkariak gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Gasteizko Europa Kongresu Jauregian egingo dute maiatzaren 9an Enpleguaren Foroa, Empleo Gune deiturikoa. Arabako Foru Aldundiak bultzatzen du topaketa, Gasteizko udala eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusaren laguntzarekin.

Jardunaldiak Lanbideren laguntza jasotzen du eta honako helburu hauek ditu: sektore ekonomiko ugarietako enplegu pribatuko eta publikoko aukerak eta etorkizuneko erronkak aztertzea, Gasteizen hedatzeko bidean dauden enpresek behar dituzten profilak eta enplegu eskaintzak zabaltzea, eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari direnen gaitasunak hobetzea.

Topaketan 96 enpresa eta erakundek hartuko dute parte; haietako 64k stand bidez interesdunei arreta emango diete; 26k webgunean eskaintzak argitaratuko dituzte eta bost enpresak eta erakunde batek mahai-inguru batean hartuko dute parte.

Ekimena aurkezteko ekitaldian izan dira Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia, Maria Nanclares; Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Administrazioko diputatua, Cristina Gonzalez; eta EHUko Arabako campuseko errektoreordea, Manoli Igartua.

Gonzalezen arabera, Empleo Gune foroak “Arabako enpleguaren bilakakera positiboari jarraipena emateko" balioko du. Horrez gain, lanpostua aldatu nahi duten edo lan bila ari diren pertsonak animatu ditu “700 enplegu-aukera baino gehiago biltzen dituen” ekimenean parte hartzera.

Bestalde, Nanclaresek Gasteizko Enpleguaren Foroa "sendotuta" dagoen egitasmoa dela adierazi du, eta horren bidez, langileak behar dituzten hiriko enpresen eta enplegu bila dabiltzan pertsonen arteko harremana sustatzen duela nabarmendu du. 

Azkenik, Igartua ere ildo berean mintzatu da eta horrelako ekimenek EHUn ere inpaktu positiboa dutela azaldu du: "Enplegu-foroaren moduko ekimenek gure ikasleen lan-munduratzearekin lotutako tasa handiak izatea laguntzen dute. Lanbidek prestatutako Laneratzeari buruzko azken azterlanak jasotzen dituen datuen arabera, EHUko 2019ko promozioko graduatuen %90 lanean ari ziren handik hiru urtetara. Datu hori, gainera, bereziki esanguratsua da 20 titulazio baino gehiagotan; izan ere, horien okupazio tasa %100ekoa da edo ehuneko horretatik oso gertu dago”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK