Akordioa lortu dute Aratzuriko Siemens Gamesan, bi hilabeteko grebaren ostean

Sinatutako akordioak, besteak beste, soldata baxuenak igotzea eta kaleratze kolektiboei aurre egiteko formulak adostea aurreikusten du

Siemens Gamesako langileak Nafarroako parlamentuaren atarian protestan | Argazkia: CCOO Siemens Gamesako langileak Nafarroako parlamentuaren atarian protestan | Argazkia: CCOO

Siemens Gamesa Aratzuriren langile batzordeak (CCOOko eta CGTko bina ordezkarik eta ELAko batek osatzen dute) akordioa sinatu du zuzendaritzarekin bi hilabeteko mobilizazioen ostean. Urtarrilaren 22an hasi ziren aldi baterako lanuzteekin, eta otsailaren 5etik aurrera, greba mugagabean zeuden. Akordioa erdietsita, Aratzuriko langileek Siemens Gamesak Sarrigurenen duen lantegiko lan-hitzarmenean jasotzen diren hobekuntza guztiak izango dituzte.

CCOOk ohar batean azaldu duenez, sinatutako akordioak honako hobekuntza hauek ekarriko ditu: soldata baxuenak igoko dituzte, malgutasuna hobetuko dute, kaleratze kolektiboei aurre egiteko formulak adostu dituzte, eta 2023tik ahaztuta zeuden soldaten kategoria igoerak egingo dituzte.

Akordioan jasotako hobekuntzen artean soldaten araberako KPI igoerak ere badaude: % 4,8koa 2023an eta % 3,75ekoa 2024an, 2025ean eta 2026an. Gainera, 2023ko KPIa berritu aurretik, 2022ko soldaten % 1aren ordainketa egingo zaie langileei. Halaber, bidaia-politika ere aplikatuko da (egunak berreskuratzea, joan-etorriak, dietak, etab.). 

Sindikatuaren ustez, Arazuriko ia langile guztiek (70 laguneko plantilla) babestutako grebak eta mobilizazioek desblokeatu dute lan-hitzarmenaren negoziazioa, eta konpainiako gainerako langileen lan-baldintzetara gerturatzea ekarriko duen akordioa lortu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK