CLT zura ekoizteko Europa hegoaldeko lantegirik handiena zabaldu du Egoinek

25 milioi euroko inbertsioa egin dute. Lantegi berri honi esker, bi urte inguruan fakturazioa %30 handitzea aurreikusten du enpresa bizkaitarrak

Argazkia: Egoin Wood Group Argazkia: Egoin Wood Group

Egoin Wood Groupek lantegi berria inauguratu du gaur Legution (Araba). Zur kontralaminatua (CLT) ekoiztuko da bertan, eta 25 milioi euroko inbertsioa eginda, 28.500 metro karratu izango ditu espazio berriak, CLT zura ekoizteko Europa hegoaldeko lantegirik handiena izango delarik.

Bizkaiko enpresaren egungo gaitasuna 35.000 m3 urtekoa da, eta instalakuntza honi esker, ekoizpena 50.000 m3-raino handitu ahal izango du. Era berean, zur konpainiak jakinarazi duenez, 40 pertsona jada lanean ari dira bertan, eta denera, 100 lanpostu berri sortuko dituzte.

Lantegi berri honekin, Egoinek hiru plana ditu egun Euskal Herrian. Bi Legution (Goiain eta Albertia izenekoak) eta bat Ean (Natxitua).

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaurko inaugurazio ekitaldian, eta berarekin batera izan dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea, Pedro Javier Jauregui Etxebizitzako sailburuordea, Mikel Amundarain Industriako sailburuordea, Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko Arabako foru diputatua eta Nerea Bengoa Legutioko alkatea.

Egoinek eraikuntza-sektorean zur laminatuaren (CLT) eskari gero eta handiagoari erantzun nahi izan dio. Unai Agirre enpresaren buruak adierazi duenez, “urrats erabakigarria” eman dute zurezko eraikuntzaren sektorean duten posizionamendua sendotzeko, “gure prozesuen industrializazio eta digitalizazioaren alde eginez, baina gure esentzia eta jasangarritasunarekiko konpromisoa baztertu gabe”.

Hala, bi helburu nagusi betetzera dator lantegia berria: produktibitatea areagotzea eta lehiakortasuna handitzea. "Bi urte inguruko epean, enpresaren fakturazioa % 30 inguru igoko dela uste dugu; 33 milioi euroko iazko fakturaziotik 2025ean 40 milioi euro fakturatzera igaroz”, azaldu du Agirrek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK