EAEko lau enpresatik batek 2024an bere fakturazioak behera egingo duela uste du

Laboral Kutxaren ikerketa departamentuaren arabera, enpresen konfiantzak behera egin du azken hiruhilekoan eta ikuspegi ezkorra dute 2024ra begira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

2024ko lehen hiruhilekoari begira, euskal enpresak nahiko ezkor dira. Laboral Kutxako ikerketa sailak egindako txostenaren arabera, konfiantza adierazleak behera egin du azken hiruhilekoan, 49,5etik 45,9ra. Jarduera ekonomikoa “urkurtze-eremuan” dago, indizeak 50 puntutik behera jarraitzen duelarik. 222 euskal enpresari egin die inkesta Laboral Kutxak, ekonomiaren hainbat alderdiri buruz galdetuz.

Fakturazioari dagokionez, orain hiru hilabete baino ezkorragoak dira enpresak, eta %25,2k beren fakturazioak okerrera egingo duela uste dute, hots, lau enpresatik batek. Aitzitik, enpresa gehienek aldaketa handirik ez dutela izango uste dute, eta soilik %18,9k espero dute haztea.

Eskaeren bilakaera fakturazioarekin lotura handia du, eta erantzun antzekoak eman dituzte enpresek. Hala, %24,8k eskaerak jaitsi egingo zaizkiela uste dute, eta soilik %16,2k espero dute gorakada. Prezioetan, aldiz, %65,3k maila berean mantenduko direla iritzi diote. %21,6k prezioak gora egingo dutela erantzun dute.

Enpresa gehienek (%61,3) errentagarritasun maila bera espero dute datorren urteko lehen hiruhilekoan, eta inkestatutako enpresen laurden batek espero du bere errentagarritasuna apaltzea. Horrekin batera, ikuspegi ezkorra izanik, inbertsioan ez da aldaketa handirik espero, soilik enpresen %10,8k dute inbertsio handiago egiteko asmoa.

Enpleguan ere soilik %5,9k du lantaldea handitzeko itxaropena, eta %80k baino gehiagok plantilla berarekin jarraitzea espero du 2024ko lehen hilabeteetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK