Elkargik 420 milioi euroko finantzazio eragiketak burutu ditu 2023an

Azken bost urteotan, 2.500 milioi euro finantzatu ditu sektore askotariko enpresetara. Horietatik 1.100 milioi euro industriara bideratu dira

Zenon Vazquez pasa den ostiralean egindako agerraldian | Argazkia: Elkargi Zenon Vazquez pasa den ostiralean egindako agerraldian | Argazkia: Elkargi

Iraunkortasuna eta eraldaketa. Bi ideia horietan ardazturik ekin dio urte berriari Elkargik. Pasa den ostiralean, iazko urtearen balantzea egin du finantza erakundeak, eta 2024ari lehen begirada bat ere eman dio. Lander Arteche da, pasa den maiatzetik presidente berria, eta erakundea “oso bizirik” dagoela nabarmendu du. “2019tik, 2.500 milioi euroko finantza eragiketak burutu ditugu, eta horietatik 1.100 milioi euro industrian izan dira”.

23.000 bazkiderekin amaitu dute 2023a, eta 420 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa bideratu dute enpresetara. Hernaniko Zelaia sagardotegian egin dute iazko emaitzen aurkezpena, eta Artecheren aldamenean izan dira Zenon Vazquez zuzendari nagusia eta Jose Manuel Pazos Metix sozietateko bazkide eta presidente exekutiboa.

23.000 bazkiderekin amaitu du Elkargik 2023a, eta 420 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa bideratu dute enpresetara

Agerraldian azaldu dutenez, erakundeak uste baino urtebete lehenago lortu ditu bere plan estrategikoaren helburuak. 420 milioi euroko finantzaketa osatuz, finantza aurreikuspenak %12an handitu dituzte, urte hasierako helburua 375 milioi eurokoa baitzen. Halaber, finantzaketaren kasik kopuru erdia (%49,3) inbertsiora bideratu du finantza erakundeak, eta denera, 3.500 finantza eragiketa egin dituzte.

Industria eta hirugarren sektorea

“Erakundea hazten ari da, ez soilik bertikalki, baita horizontalki ere”, azpimarratu du Artechek. Edozein motako sektore nahiz tamaina guztietako enpresei eskaintzen diete finantza aholkularitza eta formakuntza, eta aholkularitza ekonomiko-finantzario horretan indartu nahi dute, produktu berritzaile berriak eskainiz.

Ziurgabetasun handiko testuinguru ekonomiko batean, enpresen premiak aldatzean doazela kontatu du presidenteak. Hori dela eta, erakundeak “finantzaziorako erraztasunak” eskaini behar ditu. 2023an, industria sektoreko enpresetara 180 milioi euro bideratu dituzte, eta hirugarren sektorera beste 160 milioi euro. Halaber, eraikuntza sektoreko konpainiak 35 milioi euroren bidez finantzatu dira.

Finantza erakundeak industria sektoreko enpresetara 180 milioi euro bideratu ditu, eta hirugarren sektorera beste 160 milioi euro

Lurraldeka, 140 milioi Gipuzkoako enpresetara bideratu ditu Elkargik, beste 110 milioi Bizkaikoetara, 65 milioi Arabakoetara eta 60 milioi Nafarroako enpresa ehunera. Gainera, azken urteotan Madrilen bere negozio bolumena haztea lortu du finantza erakundeak, eta 2023an bulego berria ireki dute bertan. Finantzaketa osoaren %10 egin dute Espainiako hiriburuan, denera, 40 milioi euro baino gehiago.

Enpresa txiki eta ertainen aholkularitza

Elkargiko zuzendari nagusiaren hitzetan, erakundeak ez die zailtasunak dituzten enpresei soilik laguntzen, euren jarduna hortik harago doala nabarmenduz. “Mota guztietako finantzazioa eskaintzen dugu, eta ez soilik industrian. Kultura arloan edota bio-osasungintza sektorean ere ari gara lanean. Gure ekonomiaren ispilua gara”, adierazi du.

Hego Euskal Herriko ekonomiaren ispilu dira enpresa txiki eta ertainak, eta horien aholkularitza zerbitzuetan zentratu da nagusiki Elkargi. Aholkularitza jarduera hirukoiztu egin dutela azaldu dute, 200 proiektu inguru burutu dituztelarik.

Zenon Vazquez: “Enpresek finantzazioa lortzea baino askoz arazo gehiago egin behar diete aurre, eta lagundu nahi diegu ekoizpen jardueraren etapetan"

“Enpresek finantzazioa lortzeaz gain, askoz arazo gehiagori egin behar diete aurre. Horregatik, enpresei laguntzeko dugun konpromisoaren ildotik, oso bideratuta gaude aholkularitza zerbitzurik onena eskaintzera. Enpresei bultzatu nahi diegu ekoizpen jardueraren etapetan, euren helburuak lortzen laguntzeko”, gehitu du Vazquezek.

Arriskuen kudeaketa intentsiboa

Elkargiko presidente eta zuzendari nagusiaz gain, ostiraleko agerraldian Metix sozietateko presidente exekutiboa izan zen. Metix Elkargi eta Omega IGF erakundeek sustatutako finantza arriskuetarako aholkularitza etxea da. Finantza arriskuen planifikazioan, kudeaketan eta kontrolean nahiz enpresa txiki eta ertainentzat interes tasen eta lehengaien inguruan eskaintzen ditu aholkularitza zerbitzuak.

Pazosen arabera, “nazioartean jarduten duten eta hazkunde iraunkorrarekin jarraitu nahi duten enpresa txiki eta ertainentzat funtsezko alderdia da arriskuen kudeaketa intentsibo bat izatea”.

Jose Manuel Pazos: “Nazioartean jarduten duten eta hazkunde iraunkorrarekin jarraitu nahi duten enpresa txiki eta ertainentzat funtsezko alderdia da arriskuen kudeaketa intentsibo bat izatea"

Metixek bere enpresa bazkideak esparruotan formatzea du xede, beren bokazioa “informazioa transferitzea” dela argituz. Hartara, ez dituzte enpresak ordezkatzen, beren “bidelagun” izan nahi baitute.

Azkenik, Elkargiko ordezkariek azaldu dutenez, 2024ra begira, “hazkunde iraunkorra” du helburu erakundeak, EAEko enpresa sarera gehiago gerturatzeko asmoz. Jakinarazi dutenez, enpresa txiki eta ertainak ez diren eta 100 milioi eurora arteko fakturazioa duten enpresentzako finantza irtenbide berri bat dute esku artean, eta era berean, aholkularitza zerbitzuak sustatzen jarraitzea dute xede.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK