Elkargik 'Elkargi Focus' finantza behatokia jarri du abian

Erakundeko Batzar Nagusiak Jose Ramón Fernandez de Barrena enpresaburua, Uvesco taldeko lehendakaria, euren Administrazio Kontseiluan sartzea onartu du

 Lander Arteche presidentea eta Zenon Vazquez zuzendaria gaurko agerraldian| Argazkia: Europa Press Lander Arteche presidentea eta Zenon Vazquez zuzendaria gaurko agerraldian| Argazkia: Europa Press

Elkargik Elkargi Focus izeneko finantza behatokia abian jarri duela iragarri du. Erakundearen esanetan, enpresek "ziurgabetasun egoeretan hobeto nabigatzeko" balioko du. Hala azaldu du Elkargiko lehendakari den Lander Artechek, erakundeko zuzendari nagusia den Zenón Vazquezekin batera, Donostian egin duten prentsaurrekoan.

Artechek adierazi duenez, behatokiak "merkatuetako dinamikak ezagutzeko" aukera emango du. Hala, azpimarratu du Elkargiren Finantza Behatoki berriak "finantza-joeren ikuspegi eguneratua eta aukera berriak ahalbidetuko dituela". Halaber, azken bost urteotan, enpresentzat 2.500 milioi euroko finantziazioa eskaini du Elkargik, baliabide propioak %54 handituz. Iaz, erakundearen finantza-jarduera 422 milioi eurokoa izan zen, 2022an baino 33 milioi euro gutxiago, baina aholkulari zerbitzuetatik etorritako diru-sarrerek %60 egin zuten gora.

Gaurko agerraldian, Elkargiko Batzar Nagusiak Jose Ramón Fernandez de Barrena enpresaburua, Uvesco taldeko lehendakaria, euren Administrazio Kontseiluan sartzea onartu dutela ere iragarri dute.

Zibersegurtasuna, hizpide

Artecheren hitzetan, "zibersegurtasuna oso presente dago enpresen eguneroko kudeaketan", izan ere, "finantza-zerbitzuen bila dabiltzan pertsonen %16,8k zuzenean adierazten dute kezka hori". Hala, Elkargik 'Finanza' deituriko topaketa antolatu du Espainiako Bankuko gobernadorea den Pablo Hernandez de Cosekin, apirilaren 12rako, Bilbon. Zibersegurtasunari buruzko araudia eta horrek finantza-sisteman dituen ondorioak aztertuko dituzte bertan.
 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK