Enpresa sorrerak %20,3 hazi dira otsailean EAEn; Nafarroan, aldiz, %29 jaitsi dira

Guztira, 442 enpresa sortu dira otsailean Hego Euskal Herrian, iazko epe berean baino % 6 gehiago

Enpresen sorrera %6 hazi da Hego Euskal Herrian otsailean | Argazkia: iStock Enpresen sorrera %6 hazi da Hego Euskal Herrian otsailean | Argazkia: iStock

Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen sorrera %20,3 hazi da otsailean, aurreko urtearen aldean. Guztira 360 sozietate berri eratu dira, eta desagertutakoak 203 izan dira, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur kaleratutako txostenaren arabera. Nafarroan, aldiz, iazko otsailean baino %29,3 enpresa gutxiago sortu dira aurten. Denera, 82 enpresa eratu dira lurraldean, eta desagertutakoak hamabi izan dira. 

EAEn, enpresak eratzeari dagokionez, serie historikoaren bigarren daturik onena da otsailekoa eta datu hauekin bi hilabetez jarraian izan du urte arteko hazkundea. Nafarroan, urtarrilean baino 40 enpresa gutxiago sortu arren, otsaileko datuak urrun daude ekainetik urrira izan ziren minimo historikoetatik.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako 360 konpainia berriak eratzeko 36,18 milioi euro pasatxo txertatu dira, hau da, duela urtebeteko hilabete berean baino %44,11 gehiago (34,38 milioi euro ordaindu ziren). Nafarroan, berriz, arestian esandako 80 enpresak sortzeko, 5,67 milioi euro jarri dira, iazko epe berean baino %52,6 gehiago (3,72 milioi euro ordainduta). 

Hala, Nafarroan desagertutako hamabi enpresek honako arrazoi hauengatik itxi dute: seik beste sozietate batekin bat egiteagatik, lauk bestelako arrazoi batzuengatik eta bik borondatez. EAEn, berriz, desagertutako 203 enpresetatik 175ek beren borondatez itxi dute, hamaikak fusioagatik eta gainerako 17k beste arrazoi batzuengatik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK