Euskarazko komunikabideak indartzeko "berrikuntza ahalegin sakona” egingo du Hekimenek

Urteko batzarra egin du gaur elkarteak. Komunikabideak garai berrietara egokitzearen garrantzia azpimarratu dute bertan

Argazkia: Hekimen Argazkia: Hekimen

Hekimen elkarteak urteko batzarra egin berri du gaur, eta bertan euskarazko komunikabideen inguru hausnarketa partekatu dute. Euskal hedabideak “baldintza zailetan” sortu zirela nabarmendu du elkarteak, eta era berean, “Euskal Herriaren hizkuntza, kultura, izana eta balore demokratikoak babestu eta indartzeko helburu nagusiarekin” ere.

Egungo aldaketa teknologiko, sozial eta generazionalek “birsortzera” eraman dute sektorea, eta “proiektu komunikatiboa edukitzea nahikoa ez dela" azpimarratu du elkarteak, “garai berrietara egokitu beharra” dagoelarik. Hala, komunikabideak “eraginkorrak, kalitatezkoak, anitzak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, lantalde profesional formatuak dituztenak, berritzaileak, irudimentsuak eta egoki kudeatuak” izan behar dutela azaldu dute.

Administrazioen laguntza ere aldarrikatu du elkarteak. 2019 urtean abian jarri zen dirulaguntza eredu berriak bultzada ekarri du euskarazko komunikabideentzat, baina, pandemiak eta gerrak tarteko, eraldaketa prozesua oztopatzen duten zailtasun gehigarriak sortu dira.

Hala, elkarteak hainbat konpromiso hartu ditu etorkizunari begira. “Berrikuntza ahalegin sakona” egingo da, besteak beste. “Eraldaketa prozesua komunitatearekin eta administrazioarekin batera egitea” edota  “beharrezko baliabideak eskuratzeko bideak irekitzea” dira hartutako beste konpromiso batzuk. Era berean, tokiko erakunde publikoei dagozkien konpromisoak har ditzatela eskatu die elkarteak, administrazioentzat iritzi aniztasuna eta informazio eskubidea bermatzea oinarrizko zeregina direla gogoratuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK