Euskarazko zerbitzu digitalak hobetzeko eta modernizatzeko batu dira PuntuEUS eta Iametza

ni.eus euskarazko doako posta elektronikoaren zerbitzua berregituratuko dute, eta labur.eus zerbitzuan ere hainbat hobekuntza egingo dituzte

Elisabeth Pombo, Iametzako zuzendaria, eta Josu Waliño, puntuEUSeko zuzendaria | Argazkia: puntuEUS Elisabeth Pombo, Iametzako zuzendaria, eta Josu Waliño, puntuEUSeko zuzendaria | Argazkia: puntuEUS

PuntuEUS eta Iametza erakundeak lankidetza estrategikoa adostu dute, euskararen ekosistema digitala bultzatzeko asmoz. Hainbat proiektutan elkarrekin aritu badira ere, oraingoan lankidetza "domeinuen eta web-zerbitzarien sektoreko enpresa-kontzentrazio joeraren ondorioz" sortu dutela adierazi dute.

Gaur egun euskaraz dauden zerbitzu eta soluzioei eutsi ahal izateko, merkatuak hartu duen norabideak zailtasunak sortu dituela azaldu dute bi erakundeek ohar baten bidez. “Atzerriko enpresa-taldeek tokiko enpresen jabetza eskuratu izanak erabat mugatu du erabiltzaileek produktu eta zerbitzuak euskaraz eskuratzeko aukera”, nabarmendu dute.

Era berean, euskal ingurune digitalean hizkuntza-aniztasuna sustatu eta kalitatezko eta euskarazko zerbitzu digitalak eskatzen dituzten erabiltzaileen beharrei erantzuteko elkartu dira bi erakundeak.

Lankidetzari esker ni.eus euskarazko doako posta elektronikoaren zerbitzua berregituratuko da, eta zerbitzuaren “berrantolatze- eta finkatze-prozesu integrala” gauzatuko da. Labur.eus zerbitzuan ere hainbat hobekuntza egingo dituztela jakinarazi dute. Webgune hau url-laburtzailea da, eta egun 50.000 erabiltzaile eta 500.000 URL baino gehiago ditu.

Lehen urrats hauek gauzatzeko hilabeteko lana aurreikusten dute bi erakundeek. Aitzitik, euskarazko zerbitzu digitalak hobetzeko eta modernizatzeko “aurrerapauso nabarmena” izango da bi proiektuon garapena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK