Fagor Arrasatek, Konikerek eta Ikerlanek euren arteko lankidetza akordioa luzatu dute

Aliantzak teknologiaren garapenean sakontzen jarraitzea eta hiru erakundeen arteko euskara erabilera sustatzea du helburu, besteak beste

Xabier Sagarzazu (Ikerlan), Andoitz Aranburu (Koniker), Aron Pujana (Ikerlan), Ion Etxeberria (Ikerlan), Sergio Teres (Fagor Arrasate) eta Unai Lopez (Fagor Arrasate) | Argazkia: Mondragon Xabier Sagarzazu (Ikerlan), Andoitz Aranburu (Koniker), Aron Pujana (Ikerlan), Ion Etxeberria (Ikerlan), Sergio Teres (Fagor Arrasate) eta Unai Lopez (Fagor Arrasate) | Argazkia: Mondragon

Fagor Arrasatek eta Konikerek lankidetza teknologikorako hitzarmena berritu dute Ikerlan zentro teknologikoarekin. Horren helburua puntako teknologien garapenean eta aplikazioan sakontzen jarraitzea da, fabrika adimendunaren egiturazko fidagarritasunaren eta zibersegurtasunaren arloetan. Gainera, aliantzak euskararen erabilera bultzatuko du hiru erakundeen arteko lanerako komunikazio-hizkuntza izan dadin.

Akordioak, datozen hiru urteetarako, enpresek duela 50 urtetik duten aliantza estua sendotzen du, izan ere, Fagor Arrasate Ikerlanen bazkide erabiltzaileetako bat da 1974an zentro teknologikoa sortu zenetik. Unai López Fagor Arrasateko zuzendari nagusiak aditzera eman duenez, "oso pozik" sendotzen dute Ikerlanekin duten harreman historikoa eta Fagor Arrasatek lehen mailako bazkide teknologikoak izan behar dituela nabarmendu du, “nazioarteko merkaturik zorrotzonetan” egon ahal izateko. Azkenik, honakoa adierazi du zuzendariak lankidetzaren inguruan: “Gure produktuak eta zerbitzuak proiektatzeko, talentutik, ezagutzatik eta Ikerlan bezalako zentroek garatutako teknologikoetatik edaten dugu, beraz, bi konpainien arteko akordio hau estrategikoa da".

Azken urteotan, Fagor Arrasate, Koniker eta Ikerlanen arteko lankidetzak oso emaitza garrantzitsuak eman ditu, batez ere Fagor Arrasateren produktu eta prozesu industrialen eraldaketa digitalean. Horien artean, nabarmentzekoa da biki digitalak garatu direla estanpazio- eta toleste-prozesuetarako, prozesuaren parametroak iragartzeko eta instalazioen produktibitatea eta malgutasuna optimizatzeko, eta, bestetik, mantentze-lan prediktiboko algoritmoak garatu direla, instalazioen erabilgarritasuna handitzeko eta makinen mantentze-lanak eta ekoizpenaren kalitatea optimizatzeko, horiek funtsezko prozesuak baitira automobilgintzaren sektorean.

Andoitz Aranburu Konikereko presidenteak nabarmendu duenez, akordioak enpresen interesa islatzen du, gero eta “globalagoa” den merkatu batean “lehiakorrak” izaten jarraitzeko, eta, ondorioz, "giltzarria den diferentzial teknologiko bat sortzea ahalbidetuko duten garapen teknologikoetan laguntzen jarraitzeko".

Bestalde, Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak harremana sendotzeaz “oso harro” daudela adierazi du. “Konfiantzazko bidelagunak gara duela urte askotatik, eta badakigu gure gaitasunen batuketak espezializazioaren eta talentuaren arloan ditugun erronkei aurre egiteko aukera emango digula, bai eta soluzio teknologiko berriak sortzeko aukera ere, ekoizpen-prozesuei zein azken produktuari aplikatuak”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK