Gasteizko Michelinek gaurtik aurrera jakinaraziko ditu 2024tik aurrerako "sistema aldaketak"

Irteera "ez traumatikoak" lehenetsi nahi ditu zuzendaritzak

Michelingo langileak, protesta baten | Argazkia: Europa Press Michelingo langileak, protesta baten | Argazkia: Europa Press

Gasteizko Michelin plantako zuzendaritzak gaurtik aurrera helaraziko dizkie langileei ekoizpenari loturiko "sistema aldaketak", datorren urteko lan-egutegia onartu ostean. Egutegiaren onarpena UGTk iragarri du ohar bitartez.

Duela bi aste jakin zen Michelinek 176 langile kaleratuko zituela, horietatik 150 Gasteizko plantan —gainontzeko 26ak Lasartekoan (Gipuzkoa)—. UGTk adierazitakoaren arabera 150 langile horiei aplikatuko zaizkien irteerak "ez traumatikoak" izango dira, tartean aurrejubilazioak edo leku aldaketak. Era berean, urtarrilaren 15era bitarte izango dute langileek neurri horiei "modu boluntarioan" heltzeko.

Egun 3.500 langile ditu Gasteizko plantak. Plantilla murriztearen atzeko arrazoi nagusia da, zuzendaritzatik esan dutenez, aurtengoa ez dela "urte ona" izaten ari. Aurreikusitakoaren arabera, 2.000 tona gutxiago ekoitziko ditu. 2024ko ekoizpena urte askotako murritzena izango da, gaineratu dute. Hori dela eta, eskarira egokitzea da euren asmoa; une honetan 194.600 tona estalki ekoizteko gaitasuna du. Bestalde, 75 milioi euroko inbertsioak etengo ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK