Gipuzkoako enpresen salmentak %5,4 apaldu dira 2024ko lehen hiruhilekoan

Enpleguan, aldiz, igoera izan da lurraldean (%1,8). Soldaten urte arteko bilakaera ere positiboa da

Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramailea gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramailea gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako enpresen salmentak %5,4 apaldu dira 2024ko lehen hiruhilekoan, iazko epe berarekin alderatuz gero. Gipuzkoako Foru Ogasunak enpresen inguruan egindako txostenaren arabera, beherakada barne zein kanpo salmenten ondorioz etorri da. Lehenengo kasuan, %5,5 egin dute behera eta bigarrenek %5,3. 

Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak prentsaurreko baten bitartez jakinarazi ditu lurraldeko Foru Ogasunak aldizka egiten duen Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostenaren datuak.

Berasaluzek adierazi duenez, emaitza hauek martxoko datu negatiboen ondorioa dira; izan ere, salmenta guztiak %14,5 jaitsi dira: barne salmentak %14,9 eta kanpo salmentak %13,7. "Nolanahi ere, kontuan izan behar da konparazioa 2023ko martxoarekin egiten dela, han salmentak nabarmen igo baitziren (+%13,6)", azpimarratu du.

2024ko lehen hiruhilekoan salmenten jaitsiera sektore guztietan gertatu da: industrian (%-6,8), eraikuntzan (%-5,3) eta zerbitzuetan (%-3,7). Joera berarekin martxoan ere: -%15,6 industrian, -%11,5 eraikuntzan eta -%13,2 zerbitzuetan.

Enpleguan, bestalde, Gipuzkoako pertsonek enplegatutako pertsonen kopuruak %1,8 egin du gora, 2023ko aldi berarekin alderatuta. Soldatei dagokienez ere, urte arteko bilakaera positiboa da, izan ere, %8,4 hazkundea izan dute.

Egoera honen aurrean, Berasaluzek "zuhurtzia" eskatu du datu hauen irakurketan. "Agian gure esportazioak ahuldu egin direla esan dezakegu, Europako ekonomia traktoreen dezelerazioaren ondorioz; izan ere, ekonomia horiek merkatu oso garrantzitsuak dira Gipuzkoarentzat, baina joera puntuala den ikusi beharko da", adierazi du.

Horrela, konparazioa "urte baten inguruan" egiten dela eta 2023a lurraldean "errekor urtea" izan zela nabarmendu du. Enpleguak oso zifra positiboak ematen jarraitzen duela ere gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK