Goierrin ekoitzi, Maurizion bizi

Maurizioko ospitale bateko gune kirurgikoa Goierrin eraiki eta gauzatu da, Aykos Healthcare eta Goierri Valleyen lankidetzari esker. Orain beste proiektu bat dute eskuartean

Aykosek diseinatutako eta Goierrin eraikitako eraikuntza modularra, Maurizion | Argazkia: Aykos Healthcare Aykosek diseinatutako eta Goierrin eraikitako eraikuntza modularra, Maurizion | Argazkia: Aykos Healthcare

Eraikuntza modularra eraikuntza teknika industrializatuekin egiten da. Moduluak dira ekoitzi ohi direnak, eta modulu horiek eraikin bat osatzen dute. "Har dezagun, adibidez, ospitale bateko logela eta pasillo hasiera. Halako hainbat modulurekin lortuko genuke ospitaleko oheen konplexu oso bat", azaldu du Jorge Cuevas Aykos Healthcareko operazio zuzendariak.

Hain zuzen, ospitaleetarako egitura modularrak egiten ditu Aykos Healthcare 2013tik, 4.0 industria eta industrializazioa abiapuntu. "Nazioartean eginiko lan komertzialaren bitartez" Maurizioko ospitale bateko modulu kirurgikoa diseinatu eta eraikitzeko aukera suertatu zitzaion start-up katalanari. "Ospitaleak ez zuen gune kirurgikorik ordura arte", kontatu du Cuevasek.

Beste proiektu batzuengatik Irukoberri Beasaingo galdategiarekin harremana zuen Aykos Healthcarek. "Irukoberrikoek planteatu zuten hori Goierrin eraiki eta garatzeko aukera, Goierri Valleyren bitartez", dio Ane Urteaga Goierri Valleyko proiektu arduradunak. Izan ere, proiektu handia izanik, eurak bakarrik ez zuten "gaitasuna" proiektua garatzeko. "Goierri Valleytik bideratzaile lana egin dugu besteak beste, proiektua hainbat enpresei aurkezteko", adierazi du Urteagak. Proposamenari eta egindako lanari esker, hainbat enpresa izan dira proiektuaren eraikuntzan murgilduta.

IMG 2343
Modulua barrutik | Argazkia: Aykos Healthcare 

"Bertan topatu genuena izan zen proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak ziren adar guztiak. Guretzat pozgarria izan zen, ez genuelako bilatu behar izan; eskaini ziguten eskaintzan kontzentratu ginen. Eta hala, zuzendaritza gurea izanik, enpresa multzo horren parte izatera igaro ginen", dio operazioen zuzendariak. "Parte hartu duten enpresa guztiak ez dira Goierri Valleyen kide. Baina inguruko enpresak dira", argitu du Urteagak.

Horrekin batera, proiektua eraiki eta gauzatzeko pabilioia topatzeko lana egin zuten Goierri Valleytik. Hala, proiektuaren ekoizpen guztia eskualdean egin zen, eta behin muntatuta eta probatuta, desmuntatu eta Mauriziora eraman zituzten. "Garraio hori ere, hein batean, Goierri Valleytik kudeatu da, Aykosekin lankidetzan", kontatu du Urteagak. Azkenik proiektua gizarteko hainbat esparrutara zabaldu dute, "enpresetan, administrazio publikoetan eta gizartera oro har, alegia".

22 modulu

Guztira 22 modulu ditu gure kirurgikoak. Horietatik 17 barne erabilerako dira. "Beharrei erantzuten die. Ebakuntza gelaz gain, korridoreak, ebakuntza aurreko eta osteko gelak...", adierazi du Cuevasek. Gainontzeko bost moduluak "instalazioen modulu propioak" dira, "halako proiektuek instalazio espezifiko berezi, garrantzitsu eta handiak behar dituztelako airea berritzeko, ebakuntza geletarako jario laminarra deritzona, adibidez. Kostu aldetik ere ez dira merkeak".

Jorge Cuevas: "Lanak ahalik eta errekurtso gutxien erabilita eraikitzearen alde gaude, baita euren bizitza erabilgarria amaitzen denean, birziklatzea ahalik eta errazen egitearen alde ere, bai elementuei, bai piezei dagokienez"

Horretarako, 4.0 eraikuntza deritzona aplikatu dute. Horrek barnebiltzen ditu industrializazioa, digitalizazioa, eta analisia eta kontrola bizitza zikloari, karbono aztarnari eta abarri dagokionez. "Lanak ahalik eta errekurtso gutxien erabilita eraikitzearen alde gaude, baita euren bizitza erabilgarria amaitzen denean, birziklatzea ahalik eta errazen egitearen alde ere, bai elementuei, bai piezei dagokienez", defendatu du Cuevasek.

Proiektu berriak abian

Sortutako lankidetzak ahalbidetu du bestelako proiektuak ere garatzea. Une honetan, eskuartean dute Ginea Konakryrako beste bat. "Kasu honetan ez da bakarrik gune kirurgikoa; ospitale orokorra da, kontsultekin, logelekin, radiologia gunearekin, eta baita ebakuntza gunearekin ere", argitu du Aykos Healthcarekoak. Zentzu horretan, proiektu handiagoa da, ospitale txikia izanik ere. Erabiliko duten sistema, ordea, berdina da, modulu bitartezko 4.0 eraikuntza.

"Proiektua dagoeneko esleitu digute". Momentuz, zehaztuta dago dagoeneko Goierriko zein pabilioitan eraiki, muntatu eta desmuntatuko den, bertatik herrialde afrikarrera bidaltzeko. "Ordainketa eta emate bermeak jasotzeko zain gaude, hasi ahal izateko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK