Hamargarren urteurrena ospatu du PuntuEUSek

Kanpaina berria jarri dute abian; abenduaren 31era arte, euskarazko domeinuak hamar eurotan salduko dituzte

Atzoko ekitaldia Bilbon | Argazkia: PuntuEUS Atzoko ekitaldia Bilbon | Argazkia: PuntuEUS

Hamar urte bete dira PuntuEUS euskarazko lehen domeinua sortu zenetik eta EITBren Bilboko egoitza izan da urteurrena ospatzeko lehen geldialdia. Hala, adin eta esparru ezberdinetako hamar lagun elkartu dituzte solaserako. Oihane Mateos, eitb.eus-eko aktualitate arduradunak gidatu du 10 urte eta puntu (eus) solasaldia. Egun, 15.000 enpresa baino gehiagoren espresio digitala da .EUS domeinua. 

Atzera begirakoan, Iñaki Goirizelaia PuntuEUS-en lehendakariak hasierak ekarri ditu gogora: "Bagenekien zerbait egin behar genuela, Interneten ez geneukan tokirik eta euskal nortasunak Interneten behar zuen tokia izan behar zuela erabaki genuen”. Ildo berean mintzatu da Josu Waliño zuzendaria, eta domeinuak hamar urte hauetan izan duen hazkundea nabarmendu du: "EUSen ia 15.000 gara. .EUS ia 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egin dutenen domeinua gara". Solasaldi berean, Nacho Amadoz, domeinuen nazioarteko komunitatearen ordezkariak .EUS domeinua mundu mailan eredugarria dela azpimarratu du.

Azkenik, June Ibarloza EHUko Adimen Artifiziala graduko lehen promozioko ikaslea da, eta belaunaldi berrien ikuspegia azaleratu du: “Nik beti ezagutu dut Internet .EUSekin”. Eta, denbora laburrean aurrerapauso handiak emateko aukera ikusten du: “adimen artifizialean, gutxi arte, aritzen ginen oso maila globalean eta ingelesez eta ari gara euskararen erabilera normalizatzen. Iruditzen zait jarraituko dugula zabaltzen”

Kanpaina berria martxan

10. urteurrena ospatzeko ekitaldiak orain hasi dituzte, eta urte amaiera bitarte beste hainbat ere egingo dituzte. Horietako bat kanpaina berria martxan jartzea da. Gaurtik abenduaren 31ra bitartean 10 eurotan erregistratu ahal izango dira .eus domeinuak. 

Lorea Arakistain, PuntuEUSeko marketin zuzendariak aurkeztu ditu kanpainaren helburuak: “garrantzitsuena urteurren hau gizarte osoarekin ospatzea da. Era berean, komunitatea zabaltzeko ariketa ere bada: komunitate handi eta askotarikoa garatzen ari gara. Eta, baliatuko dugu azaltzeko .EUS domeinuak zein balio bereizgarri dituen, .EUS domeinuak erabiltzaile bati ematen dion guztia”. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK