Iberdrolak 47.000 milioi euro inbertituko ditu datozen hiru urteetan

Estatu Batuetan egingo du inbertsiorik handiena, guztiaren %47

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak 2023-2025 aldirako inbertsio plana aurkeztu du goizean Londresen. Orotara, 47.000 milioi euro inbertituko ditu datozen hiru urteetan, 5.200 eta 5.400 milioi euro arteko irabaziak lortzeko helburuarekin. Estatu Batuetan egingo du inbertsiorik handiena, inbertsio guztien %47; Erresuma Batua izango da bigarrena, %16rekin; %13 Alemaniara, Frantziara eta Australiara bideratuko da; eta beste %13 Espainiara, guztira 6.000 milioi euro.

Negozio ereduak kontuan hartuz gero, sareetara %57 bideratuko dutela azaldu du Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak, guztira 27.000 milioi euro. Energia berriztagarrientzat, berriz, 17.000 milioi euro izango lirateke.

Era berean, 2025era arte 12.000 langile berri kontratatzea ere aurreikusten du Iberdrolak, eta 2030erako dituen aurreikuspenak ere berretsi ditu: “2026tik 2030era 65.000 eta 75.000 milioi artean inbertituko ditugu 100 gigawatteko ekoizpenera iristeko”, gaineratu du konpainiako presidenteak. Aurtengora begira, berriz, 2022an 4.000 eta 4.200 milioi euro arteko irabazi garbiak izatea espero du, iazko epe berean baino %29 irabazi gehiago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK