Ikerlanek zibersegurtasun industrialeko posizioa indartu du ENAC akreditazioarekin

Estatuan ENACen ziurtagiria jasotzen duen lehen laborategia da, eta automatizazio eta kontrol industrialeko sistemetan zibersegurtasun saiakuntzak egingo dituzte

Argazkia: Ikerlan Argazkia: Ikerlan

Ikerlan zentro teknologikoak Espainiar estatuko zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia izatea lortu du, ENAC Egiaztapenerako Erakunde Nazionalak egiaztatua UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren arabera, UNE-EN IEC 62443-4-2 arau sortako produktuaren segurtasuneko betekizun funtzionalak egiaztatzeko saiakuntzak egiteko. Akreditazio honi esker, Ikerlanek automatizazio eta kontrol industrialeko sistemetan zibersegurtasuneko saiakuntzak egingo ditu, eta enpresek euren produktuek zibersegurtasun industrialeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ahal izango dute.

Kooperatiba gipuzkoarrak kaleratu duen oharraren arabera, industria inguruneetan zibersegurtasuna "babesteko" berebiziko garrantzia duen lorpena da honako hau, industria azpiegiturei lotutako arrisku eta mehatxuak eta azpiegitura horietan zibersegurtasun arrakala batek izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta. Hala, zentro teknologikoak nabarmendu du haien laborategia "Europako erreferente"  bihurtu, eta saiakuntza horiek egiteko Estatuan akreditatutako lehen erakundea dela.

ENACek babestutako laborategia Digilaben-en dago, 2022ko urte amaieran inauguratu zen teknologia digitalen laborategirik aurreratuenean. Digilabek Ikerlaneko ikerketa-taldearen eta euren bezeroen eskura jartzen du azpiegitura horretatik kanpo eskuragarri ez dagoen teknologia, eta tresna handia izaten ari da zentro teknologikora talentua erakartzeko.

Argazkia: Ikerlan
Argazkia: Ikerlan

Ziurtagiria lortzeak duen garrantziari dagokionez, Marcelino Caballerok, zibersegurtasuneko laborategiko zuzendariak honako hau azaldu du: "2026an produktu elektronikoek nahitaez bete beharreko araudia onartu du Europak, eta, horren ondorioz, produktuek gutxieneko zibersegurtasun maila egiaztatu behar dute. Ikerlanetik denbora daramagu gero eta enpresa gehiagori laguntzen diseinu sendoagoak egiten proba banku honen bidez".

Zibersegurtasun industriala Ikerlanen lehentasunezko ardatzetako bat da. Zentro teknologiak transferentzia proiektuetan duen fakturazioaren %25 suposatzen du, eta "espezializazio handiko" 50 pertsonako lantaldea du.

Zibersegurtasuneko ekosistema

Testuinguru honetan, euskal zentro teknologikoak iaz Orbik Cybersecurity enpresa berria sortu zuen, industriari kanpoko zigilu bat eskaintzeko eta bere produktuak ziberseguruak direla bermatzeko nazioarteko zibersegurtasun arau zorrotzenen arabera. Arrasaten egoitza nagusia duen kooperatibaren esanetan, "estatuan ekipamendu elektronikoko fabrikatzaile europar industrialei zerbitzua ematera bideratutako enpresa bakarra da".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK