Ingeteamek 25 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du laborategi berri bat eraikitzeko

Nafarroan eraikiko den instalakuntza honek 250 pertsona baino gehiagorentzako bulego-espazio berri bat emango dio konpainiari

Argazkia: Ingeteam Argazkia: Ingeteam

Ingeteamek I+G alorrean inbertitzearen eta bere presentzia nazionala indartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du eta dagoeneko laborategi berria eraikitzen hasi da Nafarroan. Ohar bidez enpresak azaldu duenez, "nazioarte mailan lehen mailako erreferentea izango da" eta enpresaren egungo bulegoen ondoan egongo da, Iruñerrian.

Eraikin berria eraikitzeko, 25 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du konpainiak eta lehendik dauden instalazioei 12.000 metro karratuko azalera gehituko zaie, laborategiaren, bulegoen eta espazio osagarrien artean. Laborategi berria hartzeaz gain, instalazio honek 250 pertsona baino gehiagorentzako bulego espazio berri bat emango dio enpresari, azken urteotan bizi duen plantillaren hazkunde nabarmena jasan ahal izateko. Egun, konpainiak zortzi laborategi ditu Hego Euskal Herrian.

Eraikitze lanak hasi dira jada | Argazkia: VK Comunicación
Eraikitze lanak hasi dira jada | Argazkia: VK Comunicación

Instalazio berrietan, Ingeteamek diseinatu eta fabrikatzen dituen sistemen saiakuntza partzialak, balidazioak, ereduzko probak eta potentzia-elektronikako eta kontrol-proba konbinatuak egingo dira. Era berean, gaur-gaurkoz enpresak sektore nagusi hauetan egiten du lan: energia eolikoa eta fotovoltaikoan, auto elektrikoen kargagailuetan, energia baterietan biltegiratzean eta hidrogeno berdean.

Sektore horiek guztiek gizartea elektrifikatzea dute helburu, ekonomiaren deskarbonizazioa lortzeko eta klima-aldaketaren aurkako garapen jasangarrian laguntzeko bide bakar gisa. Horrela, enpresaren arabera, "Ingetemek teknologian eta etorkizunean inbertitzen jarraitzen du, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuz lurraldean, konpainiaren %100eko identitate-proiektuarekin".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK