Makina-erremintak % 18 handitu zuen fakturazioa 2021ean

2022an hazten jarraituko du pandemia aurreko maila lortuz, nahiz eta kostuen gorakadak eta koronabirusak Txinan eragindako egoerak marjinak ahulduko dituen

Argazkia: Fagor Arrasate Argazkia: Fagor Arrasate

Bilakaera ona izan zuen makina-erramintak iaz. Hala iragarri du AFM makina-erremintaren klusterrak. Pandemiak eragindako galera guztia berreskuratu ez badu ere, 2021 suspertzearen urtea izan da. 1.571,20 milioi euro fakturatu zuen sektoreak, aurreko urtean baino % 18,66 gehiago. 

Azpisektore guztiak hazi dira, deformazioarena izan ezik. Hazkunderik nabarienak zerbitzuen azpisektoreak (% 49,41), bestelako makineak (% 35,11) eta osagaienak (% 27,24) izan zituzten. Esportazioak izan dira fakturazio osoaren % 79, eta hazkudea nabaria izan da, % 23,41koa. Esportazioen helmuga nagusiak AEB, Italia, Alemaniaa, Txina, Frantzia, India, Turkia, Portugal, Mexiko eta Erresuma Batua dira.

Cesar Garbalena AFM klusterreko presidentearen hitzetan, 2021 "fakturazio zifren berreskuratze urtea izan da eta, batez ere, eskariak lortzekoa". Urtearen bigarren zatian hainbat zailtasun izan direla gaineratu du, ordea, errentagarritasunari kalte egin diotenak. "Enpresak lehiakor izateko beharrezkoa den inbertsio mailari eustea zaildu du", azaldu du. Lehengai eta osagaien eskasia eta garestitzeaz gain, energiaren prezioen gorakada nabarmendu zuen Garbalenak. Izan ere, inflazioa kostuetan eragin handia izaten ari da, eta marjinak zaintzera behartuko ditu eskari-zorroari eusteko.

Ukrainako gerraren ondorioez, adierazi du eragin zuzenak "mugatuak" izan direla, baina honen zeharkakoak "egoera konplexua are latzagoa egiten duten arazo" bilakatu dira. Izan ere, orain arteko lehengaien, materialen, kostuen eta garraioaren arazoak mantendu dira. "Zentzu berean, ezjakintasuna areagotu egiten du Txinan pandemiak duen egoerak", adierazi du presidenteak. Hala ere, urte hasierako eskaerak, eta lehen lauhilekoko kaptazioa ikusita, "fakturazioaren hazkundea" izan daiteke, "segur aski 2019ko datuak hobetuko dituena", azpimarratu du, baikor.

Garbalenak bihar utziko dio presidente izateari. Izan ere, beste lehendakari bat izendatuko dute Donostiako Parke Teknologikoan egingo duten urteko Batzar Nagusian. Fabrikazio aurreratuaren eguna izanik, hori ospatzeko aukera izango dute bertaratuek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK