Nafarroako Volkswagenek 85,5 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz

2022an baino %2,2 gutxiago irabazi du. Landabengo lantegian talde alemaniarraren auto guztien %10 ekoiztu ziren iaz

Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen

Nafarroako Volkswagenek 85,5 milioi euroko mozkin garbiak eskuratu zituen 2023an, aurreko ekitaldian baino %2,2 gutxiago. Ibilgailuen ekoizpenaren murrizketak ekarri du emaitzaren beherakada, izan ere, %5,1 apaldu da produkzioa, 2022an 288.088 auto fabrikatzetik 2023an 273.273 ekoiztera pasa direlarik.

Jaitsiera izan bada ere, Landabengo lantegiaren historiako bigarren emaitza onena da iazkoa. Guztizko diru-sarrerak 3.940,6 milioi eurokoak izan dira. Kopuru horretatik %95 autoen salmentatik dator eta %5 karrozeria eta osagaietatik.

2023an 75,2 milioi euroko inbertsioak egin ditu Volskwagenek. Inbertsioaren %70 lantegia egokitzeko eta berehala ekoizten hasiko diren bi modelo elektrikoetarako bideratu dira. 21 milioi euro fabrikara bideratu dira eta beste 2,1 milioi euro T-Cross modelo berria birdiseinatu eta martxan jartzeko.

Ekoizpen bolumenari dagokionez, Nafarroako lantegia Volkswagen etxearen hamazazpi lantegietako laugarrena izan da 2023an, Wolsfburg (Alemania), Puebla (Mexiko) eta Bratislavaren (Eslovakia) atzetik. Hala, Landabengo plantak talde alemaniarraren auto guztien %10 produzitu zuen iaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK