Ondoterra: Nafarroa Behereko CBDa

Uhartehirin (Nafarroa Beherea) kalamua eta landare sendagarriak ekoizten hasi dira Hugo Ferraris, Aurelien Gardel eta Emmanuel Ithurbide azken honen aitaren etxaldean

Argazkia: Ondoterra Argazkia: Ondoterra

Bob Marleyren Kaya kantaren musa, edo Betagarriren Legalize it abestiaren aldarria, eta nola ez, milaka diru-zorro, kamiseta eta elementu apaingarriren ikur bilakatu den zazpi ertzeko hosto edo orri berezia gure belardi eta landa eremuan ugaltzen hasi da udazkenean onddoek egin ohi duten gisan. Hala ere, ez da abeslari jamaikarrak maitasuna eta fideltasuna aitortu zion dama berbera, soineko berbera badute ere, eta egun landatuak dituzten 4,5 hektareek askoren galdera eta zalantzak elikatzen badituzte ere.

CBDa deitzen dioguna kalamua da, baina justuki CBD konposatu organikoan da aberatsa. Era berean, THC psikotropikoan apala izan behar du, Apolo XI.enak baino gizaki askoz gehiago ilargira eraman dituen horretan, alegia. %0,3tik behera Frantziako arauen arabera. “Ez du mozkortzeko gaitasunik, ez”, dio Ithurbidek irribarrez.

COVID-19aren izurriteak Ghanan, Afrikan, harrapatu zuen Ithurbide. Bertan, tokiko elkarteekin laborantza ereduen garapena sustatzen ziharduen herritarren elikadura bermatzeko. Guztion egunerokoa errotik aldatu zuen pandemiak, etxerako bidean jarri zuen gazte baxenabartarra, eta atzerrian bereganatu zituen jakintza eta egin moldeak berarekin ekarri zituen balizan.

Hiru ingeniari agronomoren ametsa

Ondoterra, ondo (alboan eta ongi) terra (lurra), proiektua 2020 erdian hasi zen gorpuzten. Ferraris, Gardel eta Ithurbide hainbat landare sendagarriren inguruan ikertzen hasi ziren (menta, garraiska, tulsi eta kalamua bera, besteak beste), eta 2021eko udaberrian CBDa landatzen hasi ziren. “Sektore honetan gabezia, hutsune bat ikusi genuen; ez dago eragile asko merkatuan”, adierazi du Ithurraldek. Bere aitak betidanik artzaintza izan badu ere ogibide, hasieratik begi onez ikusi zuen semearen proposamena.

Hori gutxi balitz, beraiek landatzeaz gain, inguruko laborariei ere beren ekimenera batzeko aukera ematen diete. Horren bitartez, beren jarduna dibertsifikatzeko parada eta nekazarientzat balizko diru iturri berri bat sustatu dute: “guk prozesu teknikoa azaltzen diegu, nola egin behar duten, eta landatzen dutena erosteko konpromisoa hartzen dugu prezio egokian”.

Landatzeaz gain, inguruko laborariei ere beren ekimenera batzeko aukera ematen diete. Horren bitartez, beren jarduna dibertsifikatzeko parada eta nekazarientzat balizko diru iturri berri bat sustatu dute

Egun, jada hiru laborari batu zaizkie Jutsi (Nafarroa Beherea), Hazparnen (Lapurdi) eta Bithiriñan (Nafarroa Beherea). Bakoitzak 0,5 hektarea landatu du, eta heldu den urterako bost edo sei laborari izango direla espero dute. Hala, inguruko ekonomia indartu eta ingurumena errespetatzen duela diote, bertatik bertara egiten baita ekoizpena.

Momentuz farmazietan salgai

Beraien CBD olioari dagokionez, urte hasieran hasi ziren saltzen estatu frantseseko 60 farmazietan. 30 Ipar Euskal Herrian eta Biarnon daude, eta hamarna Tolosan, Parisen eta Bordelen. “Iritzi edo ​erantzun positiboak izan ditugu. Oso mesedegarria da min kronikoak dituztenentzat nabarmen eztitzen baitu mina, hala nola artritisa edo gisako arazoak dituztenentzat, baita lotarako arazoak dituztenentzat ere”, azaldu du laborari gazteak.

Beren olioa saltzen hasi ziren garai berean onartu zuen Frantziako gobernuak CBD hexagonoan transformatzea baimentzen duen araua: “gaur egun Alemaniara igortzen ditugu liliak, loreak, bertan olioa atera dezaten. Prozesu guztia lokalizatu nahi dugu guk, produktua osoki Ipar Euskal Herrian ekoitzi, baina lehenik alderdi komertziala eta ekoizpena indartu nahi ditugu bide berriak ireki aurretik”, aitortu dute.

Emmanuel Ithurbide: “Iritzi edo ​erantzun positiboak izan ditugu. Oso mesedegarria da min kronikoak dituztenentzat nabarmen eztitzen baitu mina, baita lotarako arazoak dituztenentzat ere"

Edozein gisaz, beren jarduna ez da kalamura edo CBDra mugatzen. Arestian aipatu dugun modura, beste hainbat landarerekin ere ari dira lanean produktu berriak sortzeko, Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) farmazia baten eskutik. Estresarentzat, minarentzat eta lotarako arazoak dituzten pertsonentzat eskaintza sortzea da jomuga. Baina kasu, bezeroei proposatu baino lehen, sei hilabete luzatu daiteken bidea dute aurretik, berau garatzeaz gain, hainbat froga edo test gainditzea beharrezkoa baita araudia betetzeko. Olioaz gain, infusioak ere proposatuko dituzte XXI. mendeko druida berriek, 2023an hasita.

Dena den, inguruko laborarien interesa bakarrik ez, agintariena ere piztu dute Ondoterrako kideek, eta irail hastapenean Pirineo Atlantikoetako departamenduko prefetaren (gobernu ordezkaria) bisita izango dute, beren lana bertatik bertara ezagutu dezan. Aurreiritziak gaindituta, inor ilargira eraman beharrik gabe loa itzuli edo mina leuntzea lortzen badute sufritzen duenari, zerua bederen irabazia izango baitute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK