Repsolen irabaziak %13 apaldu dira, 969 milioi eurotara iritsita

Hidrokarburoen prezioen beherakadaren eta konpainia energetikoen gaineko zergaren ondorioz txikitu dira enpresaren mozkinak

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua | Argazkia: Europa Press Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua | Argazkia: Europa Press

Repsol enpresak 969 milioi euroko irabaziak izan ditu 2024ko lehen hiruhilekoan. Iazko epe berean 1.112 milioi euroko mozkinak izan zituen eta beraz %12,9ko jaitsiera izan dute irabaziek, hidrokarburoen prezioen beherakadaren ondorioz, bereziki gas naturalarena. Era berean, konpainia energetikoen gaineko zergan 168 milioi euro ordaindu dituela argitu du konpainiak. 

Horrela, taldearen emaitza garbi doitua, negozioen bilakaera espezifikoki neurtzen duena, 1.267 milioi eurora iritsi da urteko lehen hiruhileko honetan, iazko aldi bereko 1.891 milioi euroak baino %33 txikiagoa. Era berean, konpainiak mozkinen gaineko ezohiko zergetan 461 milioi euro ordaindu dituela zehaztu du, iaz baino 451 gutxiago. 

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuaren esanetan, "gure urte hasierak Repsolen proiektuaren sendotasuna erakusten du, eta beste aurrerapauso bat emango du 2024-2027 Plan Estrategikoari esker. Gure negozioek eboluzionatzen jarraitzen dute, Espainian bakarra den multienergia eskaintzarekin, deskarbonizazioan ekintza nabariekin aurrera eginez eta industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatzeko modu errentagarrian inbertituz ".

Bestalde, 2024ko lehen hiruhileko honetan energia inbertsioen bultzada nabarmentzen da, 2.129 milioi eurorekin. Horietatik, erdia baino gehiago berriztagarrien hazkundera (1.180 milioi euro inguru) bideratu dira. 2024-2027 aldian, 16.000 eta 19.000 milioi euro artean inbertitzea aurreikusten du Repsolek: %60 Iberiar Penintsulan eta %35 baino gehiago karbono gutxiko proiektuetan.

Ustiapeneko emaitza gordina (EBITDA) 2.143 milioi eurokoa izan da martxoa ixtean, eta %20,5 apaldu da 2023ko martxoko datuekin alderatuta. 

Azkenik, 2024ko lehen hiruhilekoaren amaieran, taldearen zor garbia 3.901 milioi eurokoa da, 2023ko itxieran baino 1.805 milioi gehiago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK