Vidralak Italian duen Verallia filiala saldu du, 230 milioi euroren truke

"Hausnarketa estrategiko sakon baten ondoren" egin dute desinbertsioa. Veralliak 131 milioi euroko salmentak izan zituen iaz

Vidralaren lantegi bat | Argazkia: Europa Press Vidralaren lantegi bat | Argazkia: Europa Press

Vidrala talde arabarrak Italian duen Verallia filiala saldu du 230 milioi euroren truke, eta eragiketa honi esker, 100 milioi euroko gainbalioa eskuratuko du enpresak. Hala, akordioa jada itxita dagoela argitu du gaur CNMV Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeak.

Vidralaren filial italiarrak 131 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, eta 33 milioi euroko EBITDA. Italiako iparraldean du ekoizpen-planta bakarra Veralliak, eta bertatik, herrialdeko elikagaien eta edarien beirazko ontzien eskariaren % 3 inguru betetzen du.

Konpainiak azpimarratu duenez, desinbertsio hori "hausnarketa estrategiko sakon baten ondoren" gertatu da. "Vidrala taldeari eskualde estrategikoetan birkokatzeko eta Italian sortutako balioaren bidez aukera berriak zabaltzeko parada emango dio".

Eragiketa osatzeko azken tramiteak egiten ari dira, lehiaren defentsarako Italiako agintarien baimena eskuratzea besteak beste. Vidralak aurreratu duenez, 2024ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoen artean burutuko da salmenta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK